GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

N1

Aviron Federazioaren erabakien zain dago orain

Baionarrek ez diote mailari eutsi, baina beste batzuen diru arazoak direla medio, baliteke ez jaistea.

p032_f01_199x116.jpg

Jon LEUNDA

Avironek ezin izan dio N1 mailari eutsi, eta datorren urtean CFA mailan aritu beharko du. Dena dela, zelaian lortu ez duena bulegoetan lortzeko aukera handia izan dezake.

Frantziako Federazioa oso zorrotza da diru arazoak dituzten taldeekin, ez dauka zerikusirik Espainiakoarekin, eta denboraldi hasieran dokumentuen bidez aurrekontua betetzeko gai direla erakutsi behar izaten dute. Gero, hori betetzen ez badute, zuzenean maila galtzen dute, eta badirudi talderen bat badagoela N1 maila galduko duena. Hori erabat baieztatzen bada, Avironek zegoen lekuan jarraituko du.

Ez du denboraldi txarra egin talde zuri-urdinak. Milioi bat eurorekin, aurrekonturik txikiena zuen, eta talde handi asko zeuden aurten 20 milioi euroko aurrekontuaren bueltan zebiltzanak. Estrasburgo, Bastia, Niort, Cannes, Guimgamp, Amiens edo Geugnon, nahiz eta honek, diru arazoak direla medio, ezin izan duen denboraldia amaitu; orain urte gutxi Lehen Mailan zeuden, eta Europan jokatuz gainera.

Ez da ahaztu behar, aurten lehen postuan amaitu duen Bastia Europako Kopako finala jokatutakoa dela. Beraz, horrek argi uzten du zailtasunak izan dituztela. Hala ere, doi-doi jaitsi dira, beren aurretik amaitu duen Gapekin puntuetan berdinduta izan baitira; alabaina beraien arteko zenbakiak kontutan hartuta, hobeak ziren frantziarrenak.

Zenbakiei begiratuta, Avironek 43 puntu batu ditu, mailari eutsi dion Gapek bezainbeste. Guztira, 11 partida irabazi ditu, eta 10 berdindu. Galdu, berriz, 19 galdu ditu. 36 gol sartu ditu, eta jaso, 58.

Batasuna

Garbi dago Ipar Euskal Herriak talde bat behar duela Lehen Mailan; zaleak hori eskatzen ari dira, baina horretarako diru asko behar da, eta agintarien aldetik errugbiak garrantzi handiagoa duenez, laguntzarik gehien kirol horrek jasotzen du, eta kontuan hartuta goi mailako errugbian bi talde daudela eta Lapurdi herrialde txikia dela, zaila da futbolari diru laguntza asko heltzea.

Hori dela-eta, batasunaren aldeko deiak gero eta ozenago entzuten dira, Avironen eta Genetsen arteko batasuna, alegia, Ipar Euskal Herriko bi talderik garrantzitsuenen batasuna. Alain Pochatek, Avirongo entrenatzaile lapurtarrak, ondorengoa adierazi zuen: «Ez dakigu zer gertatuko den datorren urtean. Ikusi beharko da non jokatzen dugun, baina CFA-n jokatzen badugu, aurrekontua dezente jaitsiko da, eta ez da erraza izango igotzea. Ipar Euskal Herriko talde nagusien artean batasun bat sortu behar dela uste dut, denen artean lehen talde handi bat egin, hemen ere mailarik goreneko futbola izan dezagun».

Izan ere, Genetsek ere maila galdu du. CFA mailan zegoen -Espainiako Bigarren B mailaren parekoa dela esan daiteke- eta heldu den urtean CFA 2 izango da beren maila, Bigarren B eta Hirugarren mailaren arteko zerbait.

Hori-berdeek ere ezin izan dute aurrekontu handia izan, eta sailkapeneko azkeneko postuan amaitu dute sei partida eskas irabazita eta bederatzi berdinduta.

Aurten gertaturikoak, eta Ipar Euskal Herrian dagoen futbol zaletasuna ikusita, jadanik bai Angelutik, baita Baionatik ere, bi taldeon batasunaren aldeko aldarrikapenak gero eta ozenago entzuten dira. Auzoko bi taldeen arteko harremana ez da inoiz oso ona izan, baina bien arteko konponbide bat inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dute denek. Hori heldu bitartean, Avironek Federazioari begira egon beharko du, N1 berreskuratuko duen ala ez jakiteko, baina Genetsek garbi dauka CFA2 izango dela beraien maila berria, horrek ez baitu konponbiderik.

Berdinduta

Zuri-urdinak Gap taldearekin berdinduta geratu dira, baina bien arteko zenbakiak kontuan hartuta, frantziarrenak hobeak izan dira.

Aurrekontua

Avironek izan du mailako aurrekonturik txikiena, eta, besteak beste, Bastia, Estrasburgo, Niort, Cannes edo Guingamp taldeei egin behar izan die aurre.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo