GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jesus Perez de Viñaspre Txurruka Sendagilea

Ordiziako historiaz hitz bi

Atzar gaitezen ordiziarrok, gure nafartasuna ozenki aldarrikatzea beharrezkoa da, berriz ziria sar ez diezaguten

Gu herri minorizatua gara, tamalez garaitua, eta ondorioz mundu osoan gertatzen den bezala, gure historia garaileak izkiriatu du.

Eskergarria eta ordaingaitza da «Nabarralde»-k gure benetako historia jakinarazteko ez ezik, Euskal Herriko azken txokoraino zabaltzeko ere ahalegintzen duen lana. Honen bidez, gero eta jende gehiago ari gara konturatzen gure historia zein izan den, zein enborretik gatozen, nora goazen, zein izan diren eta gaur egun diren gure etsaiak, zein azpijokoz eta jukutriaz baliatu diren guri zimardikaturik eta desbideraturik edukitzeko, eta abar eta abar.

«Nabarralde»-ko azken bideoa (Gipuzkoaren jatorria) eredu eta gida Ordiziako historiaz zerbait esateko. 

1200. urtean Gaztelako erregeak, Nafarroako erreinuan sartu, Gasteizi setioa jarri eta Baskongadetako gainontzeko lu- rraldeak inbaditu eta gero, bortxaz bereganatu eta konkistatu zituen. Gero, Gaztelak egiazko muga bat sorrarazi zuen Nafarroarekin («frontera de malhechores» deiturikoa), Gipuzkoako herri batzuk (Segura, Villafranca, Tolosa) gotorleku gisa hiriborobilduz, ez defentsarako baina bai nafarrei erasotzeko. Azken finean, Gaztelaren helburua Nafarroa ahultzea zen, eta ahitua eta higatua zenean, 1512. urtean, gipuzkoarrez, arabarrez eta bizkaitarrez baliatuz gaztelarrek Nafarroa inbaditu eta errotik deuseztatu eta suntsitu zuten gure benetako erreinua. Honatx laburki gure historia tristea.

Eta orain hasiko naiz garai hartako Ordiziaz zertxobait hitz egiten. Historialariek baieztatzen dute, dokumentu batek dioenez, Ordizia 1268. urtean Gaztelako errege Alfonso X.a Jakitunak sortu zuela, eta horrez gain, herria borobildu, Villafranca izena jarri eta foruak eman zizkiolarik. Honaino dokumentuak dioena .

Baina 1200-1268 baino lehenago, gaztelar inbaditzaileak etorri baino lehenago, zer zen Ordizia? Ez zen existitzen? Orduko ordiziarrak ez ziren jaioak? Jakina baietz, bazen Ordizia eta aspaldi jaioak ziren ordiziarrak, baina nafarrak ziren errotik. Eta hau historialari ofizialek ez dute esaten, aipamenik ez, eta ezkutatu egiten dute.

Bestalde, bortxaz konkistatuak izan ziren, edo bereganatuak hitzarmen baten bidez? Honetaz Idoia Arrieta historialariaren artikuluaren («Historialariek ezkutatu digutena: Donostiaren konkista dokumentua») zati argigarriak:

«1332. urtean datatuta dagoen eta `Traslado del fuero de S.Sebastián sacado a petición del concejo de la villa de Guetaria' izenburua duen dokumentuak honela dio: «Don Alfonso de Castiella, que Dios perdone, que la dicha villa conquistó».

Eta hau bezalako beste dokumentuan, «ojo, conquista de San Sebastián». 

Eta Idoiak ondorioztatzen du: honekin guztiarekin mendeetan zehar, Donostiaren eransketa Gaztelako erresumara armen bidezkoa izan zela ezkutatu nahi izan da. Era berean, Gipuzkoaren konkistaren argibide bihurtu da. Baina idatzi honen esanahi zehatzetik haratago, beste gogoeta bat ahalbidetu beharko genuke. Honaino Idoia.

Halaber, Aitzorrotzen eta beste gazteluetan eginiko indusketen emaitzak (biolentzia erabiltzearen aztarnak) adierazgarriak dira.

Ondorioz, bortxaz inbadituak eta konkistatuak izan zirela argi gelditzen baita.

Duela gutxi Ordiziako udaletxean gai honi buruzko hitzaldi bat izan genuen. Nabarraldeko Beni Agirre hizlari prestua etorri zen, bikain bere ekitaldian. Hizketa arinekoa eta azalpenetan argigarria. Udaletxeko areto nagusian geundelarik, jarleku berezian koadro handi bat dokumentu batekin paretan eskegita ikusi genuen; han zegoen 1268. urteko Gaztelako erregearen dokumentu ditxosoa.

Baina zertan gauden! Gaztelak 1200. urtean Ordizia konkistatu baino lehenago, Ordizia existitzen zen, ordiziarrak ere bai eta nafarrak ginen. Gero gaztelarrek desnafartu eta gaztelartu gintuzten, herriaren izena kenduaz Villafrancaren ordez. Eta hori gutxi balitz, zeharo bestelakotuak, gaztelar bezalakatuak bihurtu ginenean, 1512. urtean gure inbaditzaileekin batera joan Nafarroako erresuma errotik suntsitzera. Bapo!

Orain, 2011. urtean, historiak ematen digun perspektibaz, dokumentu hori areto nagusian  edukitzea denen begi-bistan, niretzat gutxienez lotsagarria da, beste gauza bat ez esateagatik.

Oroimen historiko honek, hain murritz eta motza izanik, ez gaitu inora eramango eta bai jarriko etsaiaren atzaparretan, nahi duena gurekin egin dezan. Ezin sinetsi hainbaterainoko desnazionalizazioan gauzkaten!

Atzar gaitezen ordiziarrok, gure nafartasuna ozenki aldarrikatzea beharrezkoa da, berriz ziria sar ez diezaguten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo