GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Badmintona, ikuskizun kitzikagarria?

Kirola gorputz eta buru osasunari lotutako jarduera da; gainera, balio positiboak sustatzen ditu, hala nola laguntasuna, talde lana, hobetzeko gaitasuna... Kirola, bestalde, estetikoa da berez, baina batzuek beste batzuek baino jarraitzaile gehiago dituzte, ezagunagoak direlako edo... beharbada kirolarien janzkera estetikoagoa delako? Horixe bide da Munduko Badminton Federazioaren ustea. Badmintona oso ezagunak ez diren kirol horietakoa da, eta federazio horri erakargarriago egin behar dela bururatu zitzaion. Horretarako, emakumezko badminton jokalariak gona eramatera behartzea erabaki zuen. Neurri horrek emaitza onik izango ez balu, hurrengo neurria irudika daiteke: emakumezko jokalariek arropa are erakargarriagoak, kitzikagarriagoak alegia, janztea edo, besterik gabe, arropa gutxiago. Munduko Federazioak esan zuenez, gona erosoagoa da; nolanahi ere, uste izatekoa da jokalariek ere badutela zer esana. Izan ere, haietako askok praka motzak nahiago dituzte, eta zenbait herrialdetako jokalariak neurri horren aurka agertu zirenez, aurreikusitakoaren arabera araua maiatzaren 1ean indarrean jarri beharrean, ekainaren 1a arte atzeratzea erabaki zuen Federazioak. Joan den asteburuan, ordea, gona eramatea derrigortzen zuen araua bertan behera utzi zuen, kirol hori erakargarriago egiteko asmoa berretsi bazuen ere. Bere hanka-sartze sexista aitortu izan balu, hainbat hobe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo