GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Sumintzeko motiboak asko dira

Malagako suminduak albiste izan berri dira. Ez M-15ekoak, baizik eta joan den igandean Indar Armatu espainiarren Eguna dela-eta Malagan bildu... barkatu, elkartu zirenak. Izan ere, bazuten sumintzeko motiborik. Bat baino ez dut aipatuko: langabezia, Andaluzian %30era iristear dagoena. Baina ez, milaka lagun haiek zerbait larriagoak sumindu zituen: desfile militarrik ez egoteak, hain zuzen. «La Razon» egunkariak atzo kontatzen zigunez, ezin hobeto hasi zen goiza, eguzkiak gogotik joz (nolanahi ere, igande goiz eguzkitsu bat ez da inondik inora nabarmentzeko fenomenoa, edozein eleberrik erakusten duen bezala) eta 50.000 lagun, espainiar banderak eskuan, margo gorri-horiak eta mugagabeko ilusioa erakutsiz, Armada omentzeari erabat lotuta. Kaserarik ez zegoela esan izan baliete, handik alde egingo zuten eta ez zen gehiegizko istilurik izango. Baina Indar Armatuen desfilea ez zegoela jakin zuten. Hura zalaparta, han sortu zena. Politikarien aurkako txistuak, irainak... Harik eta, berriro ere, Espainiako errege Juan Carlos I El Campechano, egun batean Espainia-demokrazia-aurrerabidea salbatzeko misioa bere gain hartu zuena, agertu zen. Eta txistuak eta oihuak txalo eta laudorio bihurtu ziren. Esan beharra dago txalo sutsu haiek erreginarekin eta printze-printzesekin (printzea itsas armadako uniformea eta printzesa gorriz jantzita) partekatu behar izan zituela... eta autobus batean igaro ziren legionarioekin, jakina.

Iñaki Ezkerrak, egunkari berean, igandean Malagan gertatutakoa ulertzen lagundu zigun. Antza denez, Gobernu espainolak egoera ekonomikoa jarri zuen desfilea bertan behera uzteko aitzakia. Eta Ezkerrari espainiarren aurkako iraina iruditzen zaio argudio hori, politikariek ez baitaude turista klasean bidaiatzeko prest. Eta krisi ekonomiko betean, «herritarrei sakrifizioak eskatzen zaizkienean, haietako askorentzat patriotismoa euskarria da, beren aberriaren alde sakrifiziorik handiena egin dutenengan erreferente bat bilatzen baitute».

Lepoa egingo nuke Ezkerra legionarioen autobusetik ikusi zuela Malagako ekitaldia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo