GARA > Idatzia > Mundua

Berlusconiren galga baieztatu dute bozek, bere bi gotorleku nagusiak galdu ostean

Adituek azken asteetan ahopeka aipatzen zuten hipotesia baieztatu dute italiarrek udal hauteskundeetan; Milango eta Napolesko nagusigoa galduta, etorkizun iluna du lehen ministroak. Gobernuan kide dituen Lega Nord-ekoak hasi dira dagoeneko haren ordezkoak proposatzen.

p019_f01_148X108.jpg

GARA |

Silvio Berlusconiren galera egitate bihurtu zen atzo. Aditu askok berresten zuen hipotesia zen agintari italiarraren galga, eta, herrialdeko 87 udalerritan eta sei diputaziotan bi egunez egin diren udal hauteskundeen bigarren itzulian aise egiaztatu ahal izan dituzte euren susmoak. Italiako lehen ministroak bozak galdu dituela ez du inork ukatzen orain, besteak beste, bere bi altxor preziatuenetarikoak galdu dituelako, Milan eta Napoles.

Porrotik nabarmenena Italiako hiriburu ekonomikotzat jotzen denean jaso zuen Berlusconik. Kasik hogei urtez jardun da Askatasunaren Herria Milanen agintzen, baina hamaika puntuko aldeaz galduta ikusi zuen bere hegemonia atzo Letizia Moratti hautagai eskuindarrak. Horrela, botoen %55,10 bilduta, Alderdi Demokratikoko Giuliano Pisapia izango da aurrerantzean hiriko alkate.

Napolesen, halaber, ezustekoa are burrunbatsuagoa izan da, lehen itzulian hamar puntuko aldea atera baitzion Berlusconiren alderdiak Luigi de Magistris zerrendaburu duen Balioen Italia alderdiari. Alta, hautesleen %65,37k egin zuten atzo azken honen alde, Gianni Lettieri hautagai eskuindarra hondamenera eramanez, botoen %34,62rekin.

Horietan ez ezik, Triesten ere galdu du bere nagusigoa Berlusconiren alderdiak, botoen %55 eskuratu baititu Alderdi Demokratikoak, eskuindarren aldeko %43ren aldean. Horiek horrela, eta, maiatzaren 16an egin zen lehen itzulian Turin eta Bolonia ere galdu zituztela kontuan hartuta, iparraldean dauden hiririk aberatsenen gidaritzak eskuetatik ihes egin die eskuindarrei.

Etorkizun iluna

Agintariaren etorkizuna, hortaz, ez da batere itxaropentsua; berezko gotorleku zituen hiriak galduta, ez du jakinarazi oraingoz zer-nolako bidea hartuko duen aurrerantzean. Berak esana zuen udal boz hauek Gobernuaren jarduna ebaluatzeko erreferenduma izango zirela; baina aurreikusten zen galeraren aurrean, emaitzek ez dutela Gobernuan eraginik izango iragarri du asteon.

Gobernukide dituen Lega Nord-ekoak, ostera, hasi dira fitxa mugitzen, Berlusconiri erretiratzeko ordua ailegatu zaiola iradokiz, eta badituzte jada hautagai berriak buruan. «La Repubblica» egunkariak herenegun jasotzen zuenez, egungo Ekonomia ministro Giulio Tremonti edota Lombardiako gobernadore Roberto Formigoni proposa litzakete ordezko moduan.

«ruby auzia»

Bozen porrotaren berri Bukarest-en (Errumania) jaso zuen gobernuburu italiarrak, han baitzen bisita ofizialean. Gaur, berriz, Milanera gerturatu beharko du agintariak, «Ruby auzian» auzipetuta dagoela-eta, hurrengo saioa izango baitu bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo