GARA > Idatzia > Kultura

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 55 kontzertu egingo ditu

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 55 kontzertu eskainiko ditu 2011-2012 denboraldian. Gainera, nazioarteko konpositoreen lau obra estreinatuko ditu eta hemezortzi lan berri izango dira errepertorioan.

p041_f01_148x084.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 55 emanaldi eskainiko ditu datorren 2011-2012 denboraldian zehar. Aro klasikoko lanetan oinarritutako errepertorioa atondu du; hala nola, Mendelssohnen sinfoniak eta Mozarten inguruko monografiko bat interpretatuko ditu. Horiez gain, oso ospetsuak diren obrak ere eskainiko dituzte: Rimsky-Korsakoven «Sheherezade», Mendelssohnen «Udako gau bateko ametsa» edota Bernsteinen «West Side Story», adibidez.

Denboraldia urriaren 7an hasiko da eta 2012ko ekainaren 15ean amaituko da Donostian. Guztira, hamalau programa antolatu dituzte eta Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean hamaika kontzertu eskainiko dituzte.

Orkestraren errepertorioa zabaltzeko asmoz, nazioarteko hainbat konpositoreren lau obra estreinatuko ditu eta hamalau obra lehenbizikoz interpretatuko ditu (M. Finnissyren «Zortziko» eta J. Dillonen «White Numbers» urtarrilean zehar, M. Lavistaren «Tres cantos a Edurne» apirilean eta I. Fedeleren «Txalaparta» maiatzean). Guztira, hemezortzi lan berri entzun ahal izango dira 2011-2012 denboraldian.

Orkestrako lehendakari eta Kultura sailburu Blanca Urgellek atzo egindako aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, zuzendari titular diharduen Andres Orozco-Estradak 2013-2014 denboraldira arte jarraituko du orkestrarekin lanean. Alde horretatik, pozik agertu zen zuzendaria eta errepertorio klasikoan lanean jarraitzeak duen garrantzia nabarmendu zuen.

Horrez gain, orkestrak denboraldian zehar izaten dituen zuzendari gonbidatuen artean nagusia Andrey Boreiko izango da aurten. Bestetik, ibilbide luze zein nabarmena burutu dutenen artean, Jesus Lopez Cobos, Gerd Albrecht eta Yan Pascal Tortelier daude. Gonbidatu diren zuzendari gazteen artean, bestalde, Lawrence Renes eta Diego Matheuz etorriko dira.

Literatura eta musika

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusi Iñigo Alberdik azaldu zuenez, datorren denboraldian literaturak eta musikak bat egingo dute martxoan (5ean, Donostian; 6an, Iruñean; 7an, Bilbon; 8an, Donostian; eta 9an, Gasteizen) Kirmen Uribe idazlearen parte hartzeari esker. Izan ere, Lawrence Renes-en zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestak A. Copland, Aita Donostia, L. Bernstein, S. Barber eta A. Dvorak musikagileen obrak interpretatuko ditu, Uribek bere «Bilbao-Nueva York-Bilbao» liburuko pasarteak irakurtzen dituen bitartean.

Bestetik, Klasikat ziklo berrian, musika klasikoaz bestelako estiloak lantzea helburu duen egitasmoaren barruan, Michel Camilo eta Swing Gauaren ondoren orkestrak Kepa Junkera aukeratu du apirilaren 21 eta 28 bitartean eskainiko dituen kontzertuetarako. Hala, orkestrak aurrera daraman ekoizpen diskografikoan ere parte hartuko du Junkerak disko baten grabaketarekin. Honekin batera, Pedro Sanjuanen lanek osatuko duten beste disko bat ere sortuko du orkestrak, baita Manuel De Falla eta Halffteren lanak bilduko dituen beste bat ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo