GARA > Idatzia > Kultura

Ramon Saizarbitoria protagonista, Bilbo Zaharra Forumean

GARA | BILBO

Bilbo Zaharra euskaltegiak «Klasikoen irakurraldi etenik gabea» ekimena ospatuko du laugarren aldiz. Aurten, ekainaren 16an egingo da, Bilboko Arriaga antzokian, eta aukeratutako liburua Ramon Saizarbitoriaren «Hamaika pauso» izango da.

«Zer irakurri erabakitzeko orduan, orain arte, ordena kronologikoaren irizpidea baliatu dugu. Hots, XVII. mendeko liburu batekin hasi («Gero», 1643), XVIII-XIX. mendeen arteko beste batekin segi («Peru Abarca», 1802), XX. mendearen erdira iritsi («Haur besoetakoa», 1959) eta ia XXI. mendean bukatu dugu», azaldu zuen Pedro Alberdi antolatzaileak.

«Izan ere, horixe zen lehendabiziko lau irakurketekin lortu nahi genuena: historia horren erakuskaritzat balio lezakeen hautaketa duin bat eskaintzea. Halatan, bada, gure ekimenaren `lehen aroa' betea dela esan dezakegu. Datorren urtean, irizpidez aldatu beharrean izango gara, ezinbestez», gaineratu zuen Alberdik.

«Hamaika pauso» 1995ean argitaratu zuen idazle donostiarrak Erein argitaletxearekin. Bere laugarren eleberri honetan, Iñaki Abaitua idazlea da protagonista. Bartzelonara joan eta ETAko kide bat ezagutuko du. Honek muga gurutzatzeko laguntza eskatzen dionean hasiko da bien arteko harremana.

Ostegunean, foruma

Irakurketaren inguruan, ohi bezala, Bilbo Zaharra Forum-ean hainbat gonbidatu izango dira ostegun honetatik aurrera. Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, 19.00etan hasita, Unai Elorriaga eta Juan Garzia idazle eta itzultzaileak izango dira Forumeko lehen saio honetan.

Ekainaren 9an jarraituko dute jardunaldiek. Arantxa Urretabizkaia eta Jon Juaristi izango dira egun horretan. Eta, bukatzeko, ekainaren 15ean, asteazkenez, Eider Rodriguez eta Ur Apalategi izango dira hizlari. Hiru solasaldiak ordu berean eta leku berean izango dira, doako sarrerarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo