KRITIKA musika
Luma zuriko aingeruak, edo «frikien» garaipena
Anartz BILBAO
Iragan asteburuan 120.000 musikazaletik gora bildu ditu Primavera Sound jaialdiak, (erdiak baino gehiago atzerritarrak eta ehunka batzuk Euskal Herritik joanak), lumaz loratu eta ezberdintasuna ospatzen duen Bartzelonako udaberrian.
Mugarik gabeko soinuen ehizan, beren garaian bide berriak urratu zituzten lanen berrikuspenei, mainstream (edo joera nagusi) izateko mugan diren izarrei, proposamen ausart eta arriskutsuei zein molde propioa sortu dutenei tokia egiteko gai den jaialdi ikaragarriak urtero ehun talde inguru elkartu eta Parc del Forum eremutzarrean -Poble Espanyol txiki gelditu zitzaienetik- sakabanatutako dozena erdi oholtza ingurutan jotzen jartzen ditu, zale anabasa hara eta hona den bitartean.
Komunitate bateko partaide izatearen sentipenarekin, hemen ez da bazterturik, inor ez da arraro, denak dira bakar, denak dira izar. Eta ez da mugarik, baina trade-mark ezberdinek lotzen gaituzte, jaialdia babesten duten Ray-Ban, Adidas eta bestek.
Ehun mila zaletik gora, bakoitzak bere hautaketa duela; emaitzak konbinazio kopuru agortezina ematen du, bakoitzaren jakin-minaren araberakoa. Gu, euskaldunak izaki, ibilbide tradizionala hartu, eta oholtza nagusitik gertu ibili ginen (ohitura kontuak akaso, San Miguel garagardoek babesten zuten-eta), arrisku gehiegi hartu gabe eta rockaren historiak eman dituen harribitxiak berreskuratu nahian, ez goaz-eta alferrik adinean gora. Guztiak ezin ikusita, talde asko bide bazterrean utzi behar; bukaeran, fisikoki porru eginda amaitzeaz aparte, gozatutako soinuez baino entzun gabekoen penaz gelditu arte, horra gure inpresioa.
Ostegunean, areto itxian ikusitako zuzeneko bakarrean, Sufjan Stevens «aingeruarekin» hasi eta ezusteko gozoak hartu gintuen, espazio-ontzian sartuta folk bidaia kasik lisergiko eta guztiz lumineszentean. Bidaia igandean finitu genuen Poble Espayonlean, aspaldiko garaiak gogoan, Mercury Rev berreskuratzen. Egun Donahuek gidatua (frontmanak ez gintuen ase) 1998ko «Deserter´s Songs» gailena berreskuratu zuen seikoteak, bikain hasi eta behera egin zuen emanaldian.
Oholtza nagusian, Nick Cave elizkizuna gidatzen, M. Ward rock & roll saio zintzoan, Fleet Foxes (ikusmina sortu duen folk taldea) eta Belle & Sebastian delikatuak (eskoziarren pop aratza bolumen txikian eman zuten, oholtzan hamar musikaritik gora zirela) entzun genituen, baita Animal Collective gero eta etereoagoak edo ahotsa baino grina handiagoa zuen Wayne Coynek gidatutako Flaming Lips koloretsu eta gehiegizkoak ere, -jaialdia bera ere, bete-betean neurriz gainekoa da-.
Izarrik distiratsuenak, baina, bueltan ziren Pulp eta PJ Harvey izan genituen. Hamarkada pasa zen lehenak elkartzen ez zirela eta anglosaxoiek gozatu zuten zuzenekoa (ezkontza eskariren bat tarteko), ez da alferrik jaialdia beraientzat egina. Dantzarako kantu izugarrien jabe, talde handitzat genuen guk Pulp eta musikari interesgarritzat Jarvis Cocker, baina harritu gintuen azken honek, plazagizon trebe eta frontman izugarria dela erakutsita. Eta ordura arte gizartetik at uste genuen festa (krisi zantzurik ez da PS jaialdian) gizatiartu zigun, «Common People» zoragarria goizean «Mossos amorosos»-ek jipoitu zituen suminduei eskainita. Askoz garbiago (ahots zuriz, soineko zuriz eta argi zuriz), PJ Harveyk, «Let England Shake» aurkeztu zigun emanaldi distiragarrian -gaztetuta antzeman genuen-, iraganeko kantu distortsionatuak ere folkera ekarri eta harpa antzeko bat jota, lumak buruan baino beste artifiziorik gabe.
Beste batzuk aipatzearren, atzera begirako ederrak aurkitu genituen Ray-Ban oholtzan (eguneko bat). Batetik, Suicide bikotea, 1977ko lehen lana berreskuratzen. Martin Rev teklatu zigortzaileak eta zahartua sumatu genuen Vegak -73 urte betetzear da- zulo bat egin ziguten bular parean. Bestetik, Pere Ubu xelebrea, «The Annotated Modern Dance» berreraiki eta txiste kontalari. Eta hirukotea osatzen, Einstürzende Neubatenek burdindegia ondo hornitua izaten jarraitzen duela erakutsi zigun, hots hotzekin.
ATP eszenatokian Low hirukoteak (zuzenean laukote) slowcore trinko eta ondo eutsia eman zuen beste behin, eta distortsiorik galdu gabe, soinu bikainarekin, momentu ederrean diren Deerhunter eta Mogwai eskarmentudunek ere ase gintuzten (bi hauek sortaldeko oholtzan jo zuten). Bukatzeko, eta PS-eko soinu tankera aberatsaren erakusle, Pitchfork leihoko erokeria bi: kiriotsu jarri gintuen Sumach Ecks artegaren Gongasufi eta Odd Future trauskilek (punkiak bezala zaleen gainera, baina NBAko jokalariek bezala jauzi egiten duen nerabe beltzen taldea) hip hop esperimentuak aurkeztu zizkiguten, musikalki ez oso landuak gure belarri ohitugabeetara.