Amaia Burgoa Etxaburu Haur Hezkuntzako irakasle
«¡Ni ley, ni hostias!»
Ertzainarena da bat, gordinena, iruzurrik gabea: «¡Ni ley, ni hostias!». Hamaika gara ertzain baten aurrean gure eskubideak duintasunez defendatzeagatik modu txarrean tratatuak izan garenak
Egun arrunt batean, Euskal Herrian. Hezkuntza arloko sindikalista batzuek elkarretaratzea egin dugu Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan. Ohikoa denez, ertzainak etorri eta alde egiteko esan digute; ohikoa denez, erdara hutsez. Nik, jokatu ohi dudanez, euskaraz erantzun diet eskubidea daukadala Administrazioak euskaraz egiteko, legeak hori dio eta. Eta, ohikoa denez, ertzain batek oso modu txarrean erantzun dit, jarrera ezin argiago utzita: «¡Ni ley ni hostias!». Ondoren, NAN-karneta eskatu didate, niri bakarrik, euskaldun tematiari, ohikoa denez. Euskara tartean dela, diputatua banintz ere, ertzainak ez zuen beste modu batean jokatuko; gogoratu bestela azken greba orokorrean Mikel Basaberi zer gertatu zitzaion: ertzain bati euskaraz zuzendu zitzaionean hark jo egin zuen. Boterea, Ertzaintza bitarteko, horrelakoxea ohi da, ahularekin bortitza eta larderiatsua, ez oso landua.
«¡Ni ley ni hostias!». Euskaldunok ez dugu botererik, eta beraz, legerik ere ez. Zoritxarrez, ohitu egin gara. Badakigu legearen hizkuntza zein den, ertzainek bere metodo gizabidetsuez txitean-pitean gogorarazten digutenez. Botereak, itxurakeria batzuk gorabehera, euskara ulertzen ez duenez, arau bat euskaraz dagoenean, sasi arautzat hartzen du, errealitatea ondo ezagutzen du eta. Hamaika bide du sasi legeak saihesteko, abagune, arlo eta bitarteko motaren arabera, Ertzainarena da bat, gordinena, iruzurrik gabea: «¡Ni ley ni hostias!» Edo are txarrago, nagusikeriaz, egurra banatzea, bipil, jakinda ez duela aurkakorik izango. Hamaika gara ertzain baten aurrean gure eskubideak duintasunez defendatzeagatik modu txarrean tratatuak izan garenak.
Nolanahi ere, ohiko estilo gizabidetsu eta finaren ondorioz, ertzainari eskertu behar zaio tapizaren azpian dagoen zikinkeria ateratzea: euskaldunon askatasuna horixe da, simaurra; demokraziak horixe dakarkigu, ez legerik ez ostiarik; ostikoak bai, ordea. Boterea, askatasuna aipatzen duenean, traba barik jokatzeko ahalmenari buruz ari da: askatasun hitzak hori esan nahi du, mugarik gabeko ahalmena, despotismoa. «Euskara askatasunez», diote PSOEk eta PPk, alegia, erdal botere linguistikoa nahierara baliatzeko ahalmena. Horretarako ere nagusiek Ertzaintzaren babesa dute etxe aurrean.
Gure arazoetatik bat izaten da sarritan ez dugula legea zer den ulertzen, eta beraz, zuzenbide-estatua ere ez. Lege eta zuzenbide-estatuari buruz irakatsi digutena eta behin eta berriz politikariek esaten digutena, edo haien zerbitzupeko intelektual organikoek tertulietan errepikatutakoa, fikzio txar bat da, lege eta zuzenbide hori ezdeusa, hutsa baita, ez da existitzen. Errealitatea hurbilago dago ertzainaren mezu gardenetik: «¡Ni ley ni hostias!». Izan ere, legea gizakiek egiten dute beren premiak asetzeko; erromatarrek, ertzain hura baino hobeto hezita nonbait, finago esaten zuten: Necessitas legem facit. Baina edonork ez du legea egiten, ahal duenak baizik; hots, Ertzaintzaren nagusiek, edo nagusien nagusiek, paradisu fiskal batean bizi diren horiek. Lege erreala ez dago ahalmena duen inoren gainean, baina bai ezin duenaren sabela presionatzen, bota militar baten gisara, ikurrinaren koloreak eta guzti. Ahal duenak askatasuna, legea eta zuzenbidea du.
Geuk, ertzain batek jende aurrean, Jaurlaritzan bertan, barregarritzat jo dezakeen lege bat dugun bitartean, askatasuna dute- nek 500 benetako arau baino gehiago eman dituzte gaztelania babesteko, eta indarrean daude. Indarra beti dago indarrean, Euskararen Legea oso gutxitan, batez ere argazki polita atera behar denean. Konstituzioak dixit: gaztelania ofiziala da Estatu osoan, eta mundu guztiak jakin behar du (askatasunez); beste hizkuntzaren batek nolabaiteko ofizialtasuna izan dezake bazterren batean, eta inor ez dago behartuta jakitera. Horrenbestez, inor estutzen baduzu zure hizkuntzari tinko egiten, haren funtsezko eskubide bat zapaltzen ari zara, haren askatasuna, eta laster etorriko dira Konstituzioa, lege piloa, epaileak, barne-saila, ertzainak, txapel okerrak... gizagaixoa babestera, inork ez dezan haren posizioa, agintea, nagusitasuna, kolokan jarri. Ez ahaztu giza eskubideak daudela, eta horrela, inoren askatasuna ezin dela zapaldu. Baina zu ez zara inor, ez zara giza.
Euskaraz egiteari tinko eusten badiozu, delinkuente bat zara, ez baituzu ez legerik, ez eskubiderik, eldarnioetan galduta kontrakoa uste baduzu ere. Maitagarrietan sinesten duzu oraindik. Ume zazpikia zarenez, laster etorriko zaizu norbait zaplazteko bat ematera, isilik egon zaitezen, eta nagu- siari errespetuz begira diezaiozun. Ordenaren babesleak jarriko zaitu zure tokian. Baina agian honezkero mundua den bezala ikusten ikasiko duzu, legea eta zuzenbidea hobeto ulertuta. Badago beste ikasgai bat, agian garrantzitsuagoa: zure arazoa ez da abstrakzio bat, ez gizartea, ez legea, ez estatua, ez kapitalismoa, ez ordena publikoa. Zure arazoak errealak dira, eta izen-deiturak dauzkate, zure etxean sartzen diren horiek dira, zure lurrean, zure herrian. Eta zure etxe, herri, lurrari gizarte deritzote.
«¡Ni ley ni hostias!»