GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Nazioarteko era

Europarako bidean, Azpeitian geldialdia

J.L.

Nazioarteko erako segalarien ligako bigarren jardunaldia jokatuko da bihar, 12.00etatik aurrera, Azpeitiko ikastolako belardian. Europako Txapelketarako taldea egiteko asmoa ere badute Almintza elkarteak antolatzen duen Liga honetan.

16 eta 23 urte bitartekoak, 23 eta 30 bitartekoak eta hortik gorakoak izango dira lehian. Abiadura eta txukuntasuna uztartu beharko dituzte, ez baitu balioko azkar eta narras mozteak, zigorrak egoten baitira. Besteak beste, Bixente Mitxelena, David Mariñelarena, Migel Mari Jauregi, Pabi Astondoa, Aloña Galarraga edo Irati Astondoa kirolari ezagunak arituko dira bertan.

Gaur 13.00etatik aurrera harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako bigarren jardunaldia jokatuko da Zierbenan. Bertan, Aldai Alde, Burdin Gazteak, Errekatxo, Txorierri, Kabiezes eta Las Karreras arituko dira nor baino nor. Lehen jardunaldia jokatuta, Kabiezes taldea izan zen garailea.

Harri-jasotzeak ere izango du bere lekua asteburu bete honetan; izan ere, bihar, 18.00etatik aurrera, Gorostidi Harria Txapelketa jokatuko baita Adunan. Bertan, Irigoien, Telleria, Urrutia, Izeta III.a eta Belioso lehiatuko dira. Aimar Irigoien izango da garaipena lortzeko faborito nagusia. Olasagasti eta Arrospide, berriz, bueltan hiru metro dituen enborra mozten arituko dira.

Lasto-jasotzen, Gipuzkoako finala jokatuko da bihar Legorretan, Bigarren Mailako aizkolarien kanporaketarekin batera. Han izango dira Agirreurreta, Argaia, Arrieta eta Ituarte. Kirolari bakoitzak 45 kiloko lasto fardoari ahalik eta jasoaldirik gehien ematea izango dute helburua, 7,50 metrora jarritako txirrika batera.

Bihar, 18.00etatik aurrera Urdazubin abiatuko da Nafarroako jokoen Torneoa. Bost proba jokatuko dituzte, eta biharkoaz gain, beste bi saio ere izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo