GARA > Idatzia > Kultura

Patuaren aurrean gizakia zer den aurkitu nahian «Nemesis» euskaratu du Sarasolak

p042_f02_097x068.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Bidegurutze moral batera darama Philip Roth-ek «Nemesis» nobelako protagonista, Bigarren Mundu Gerran polio epidemia bat iristean Newark-eko jolastoki baten ardura duen gaztea. Beñat Sarasolak euskaratu du mundu anglosaxoian eta nazioartean ere arrakasta handia izan duen obra hau. Maisulana den ala, besterik gabe, lan bikaina; horixe da eztabaida irakurleen artean.

Hainbat sari -Pulitzerra, National Book Award, PEN/Faulkner...- eskuratutako New Jerseyko idazlearen obra hagitz zabala da; atzo Elkarren aurkeztutako hau, erabaki moralen inguruko hausnarketaz betea, 31.a da, «Nemeses: Short Novels» sailekoa. Nemesis mitologia greziarreko jainkosa bat da, justizia ordainarazlea, baina ingelesez hitz arrunt bezala ere erabiltzen da, zigor justua adierazteko.

Bucky Cantor 23 urteko mutilaren istorioa kontatzen du Rothek, 1944ko udan New Jerseyn gertatua. Gorputz Hezkuntza ikasi eta unibertsitatetik atera berritan, haurrak zaintzeko ardura hartzen du Newark barrutian. Neska-laguna, berriz, Indian Hill izeneko udaleku batera joaten da begirale lanetara. Polio izurrite bat hasi da eta hondamendiak eragiten ari da: elbarritasunak, paralisiak, bizitza osorako ezindurak eta heriotza ere bai. Cantor gaztearen auzoa azkenetarikoa da izurritea sufritzen, baina hara ere ailegatzen da eta hortik aitzinera bizitakoak azaltzen dira nobelan.

Beñat Sarasolak adierazi zuenez, erruduntasuna, patua, zoria... gai horietaz egiten du gogoeta idazleak, baina istorioa kontatu ahala, hagitz era naturalean. Naturaren halabeharren mende dago gizakia? Zer egin dezake, zer edo zer egin badezake, patuaren kontra? Nork dauka polioaren errua? Galdera horiek dira nobelaren funtsa. Bukaera aldera, adibidez, elkarrizketa interesgarri bat izaten dute Buckyk eta neska-lagunak kontu horien inguruan.

Itzultzen ari zela, Rothen prosa uste baino anitzez ere konplexuagoa dela konturatu da Sarasola, alde batetik lexikoa izugarri aberatsa delako eta bertzetik, mendeko perpaus ugari, esaldi luzeak, tartekatzen dituelako, euskaraz bere horretan itzultzeko arazoak ematen dituztenak. Lagun ugarik lagundu diote, batez ere Harkaitz Canok, eta hark ere zailtasun hori ikusten zuen. «Ezin zen hitzez hitz itzuli, ezta idazkeraren erritmoa erabat hautsi ere».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo