Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Leviren otoitza
Alberdaniak Primo Leviren (1919-1987) «Se questo è un uomo» argitaratu du euskaraz (Mikel Irurtiak egin du itzulpena), «Hau gizon bat bada» izenburuarekin. Lehenago argitaletxe berak Leviren «Il sistema periodico» (Sistema periodikoa) narrazio bilduma kaleratu zuen, azken hori Juan Garzia Garmendiak euskaratua. «Hau gizon bat bada»n Bigarren Mundu Gerraren garaian Auschwitzeko kontzentrazio esparruan igarotako 11 hilabeteak¯1944ko otsailaren 21etik 1945eko urtarrilaren 27a arte¯deskribatzen ditu Levik. Memoriatzat jo izan dute lana, baina gertakarien azalpen hutsa baino gehiago da: giza kondizioaren azterketa eskaintzen digu.
Poema batek zabaltzen du «Hau gizon bat bada». Pertsonak untermensch balira bezala («azpi-gizakia», alemanieraz) tratatzeari buruz ari da eta liburuan Levik hausnartzen duen gaiari, Auschwitzen preso zeudenek beren gizatasunari eusteko modurik ote zuten, egiten dio aipamen. Poemaren azken parteak, egileak liburua idaztearen xedea adierazten du: gertatu zena betiko gogoan geratzea, hurrengo belaunaldiek berak bere azalean bizi izan zituen gertakarien gainean gogoeta egiteko aukera izan zezaten. Poemaren hizkuntzak, era berean, V'ahavtarekin, fededunei beren fedearen irakaspenak gogoratzea eta hurrengo belaunaldiei irakastea eskatzen dien otoitz juduarekin harreman estua dauka.
Argitaratu zen unetik obra eredugarritzat jo izan dute «Se questo è un uomo», mundu guztiak, herritar arruntek zein agintariek, irakurri beharko luketena. Nazioarteko egoerari begiratuta, nago jende askok ez duela lanaren berririk. Nago urrun gaudela Leviren otoitza errealitate bihurtzetik.