GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskaraz bizitzeko deia karrikaratuko dute Donibane Lohizunen eta Azkainen

Euskaldunak euskaraz bizitzeko nahia adieraztera, eta bide horretan, urrats berriak egiteko xedearekin, Donibane Lohizunen zein Azkainen ekimen andana prestatu dituzte. Errebindikazioa jai giroan egingo dute, «jendea euskal komunitate alaira erakarri» nahi dutelako.

Arantxa MANTEROLA | DONIBANE LOHIZUNE

«Euskaraz bizi nahi dut» izenburuarekin, hilabete osorako hainbait ekimen antolatu dira Donibane Lohizunen. Lehena gaur bertan izango da, Ducontenia parkean, ikastolaren 40. urteurrenaren karietara. Goizeko 11.00etan hasiko da egun osoa iraungo duen ospakizuna. Txistulari, trikitilari, joaldun, dantza tailerrak, jokoa, herri-bazkaria, antzerkia, kontzertuak... denetarik izango da.

Peyuco Duhart auzapezarekin batera, Kontseiluko Laida Mujika eta Euskaraz Bai jarraipen taldeko ordezkariek adierazi dute, duela lau urte hasitako bidean, aurtengo kanpainaren xedea «euskaldunak euskaraz bizitzera animatzea» izango dela.

Lapurdiko herrian, euskara mailan «asko egiteke dagoen arren, euskararekiko atxikimendu handia» dela egiaztatu dute. Hala, «jendea euskal komunitate alaira erakarri nahian», giro alegeran burutuko diren ekimenekin osatu dute egitaraua.

Datorren larunbatean, esaterako, erosketak euskaraz egiteko afixen banaketa egingo dute dendarien artean. Ildo beretik segituz, ekainaren 18an euskaraz betetako txekeekin ordaintzera bultzatuko dituzte herritarrak. Kari horretara, material ugari sortu dute merkatariei banatzeko: kartelak, zenbakiak euskaraz azaltzen dituzten euskarriak bezero eta banketxeei zuzenduak, besteren artean.

Euskaraz bizi

Ekainaren 25erako, berriz, «Euskaraz bizi nahi dut» festa eguna prestatu dute. Helburua, euskaraz mintzatzea, abestea, jolastea eta gozatzea da, eta bide horretan, jolasak, ostatuetan ekimenak eta jendearen lekukotasunak jasoko dituen bideo-grabaketa bat ere egingo dute egunean bertan.

Euskal Herrian Euskaraz elkarteak ere lelo eta xede berarekin, festa eguna antolatu du Azkainen, ekainaren 11rako.

«Euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela erakusteko eguna; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna» izango dela nabarmendu du EHEk. Finean, «Euskal Herri euskaldunaren bidean urrats bat gehiago eman eta euskaraz bizi den herriaren erakusleiho izan dadila» nahi dute.

Horretarako, besta eta aldarrikapena uztartuz, Azkainen euskaltzale andana batu nahi dute.

Eguerdiko 13.00etan pilota plazan dute lehen hitzordua. Hainbat animaziorekin beteko dute herri-bazkarira arteko tartea. Arratsaldean pilota partidak izango dira, 18.00etan, eta arrats bueltan Izate eta Xarma taldeen kontzertuekin (Gaztetxean) amaituko da eguna.

UDAL SOSTENGUA

Donibane Lohizuneko Udalak bat egin du kanpainarekin eta aurtengo herriko jaien egitarauan sartu du «Euskaraz bizi nahi dut» eguna. Aldez aurretik, ekainaren 16an, Dukontenian, Herriko Etxearen hizkuntza politikaren neurketa aurkeztuko dute, 19.30etik goiti.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo