Ariane Kamio | Kazetaria
Soinu bakarra, haien oilar taldea
Negua joan dela esaten du Zea Maysek. Begiek entzuten ez dutena belarriekin ikusteko gaitasunaz mintzo da, norbanakoak dituen mugarik handienak bakoitzak bere buruari jartzen dizkionak izan ohi baitira. Ez besteek inposatzen dizkigutenak. Begi-bistan dagoena baino harago ezkutatzen dena ikustea izaten da maiz bizitzan egokitzen zaigun gauzarik zailenetakoa. Ikuspegi zirriborrotsuetatik urrunago dagoena nekez antzeman liteke.
Espainiako erregina ikusi dut bart telebistan. Dotore eta xarmant, erregina batek bete beharreko paperean bete-betean sartuta zegoen. Bejondeiola, berak bere lana ongi, zuzen egiten baitu. Balenciaga museoaren inaugurazio ofiziala burutu zuen espainiarren koroako irudi gorenak, euskal instituzioetako ordezkari hainbatek lagunduta, noski.
Ekitaldi panpoxa, euskal kulturari luxuzko gortina ezarri ziona. Luxuzkoegia, akaso. Begi-bistan gera litezkeen hutsuneak ondo estalita, ordea, gehiegi ikus dezakeena itsutzeko nahikoa gaitasuna zutenak. Hitz borobilak, eta loreak Balenciaga zenarentzat. Gainontzekoa, ke gortina besterik ez.
Proiektu handia, lerdena da; Cristobal Balenciagaren tamainara egindakoa ere badela esaten dute batzuek. Potoloegia, nire iritziz, herritarrengandik urrun geratzen dena, ikuspegi zirriborrotsuetatik harago ikusteko zail bilakatzen dena.
Nola kudeatuko dute izendatzear dauden instituzio berriek Gipuzkoako Aldundi berria? Makro-Aldundia izango al da? Ala 30 milioi euroko kostua duten egitasmoak erokeria direla usteko al dute?
Gauden tokian gaudela, aldaketa prozesu betean, ikusmira handiagotzeko beharra du euskal kulturak. Sortzaileak behar ditugu, antzerkia sustatu behar dugu, zinema zuzendarien trebakuntza behar da, idazleak ondu behar dira, margolariei bidea ireki behar zaie... 30 milioi eurorekin ez al ginateke bada belaunaldi berriei aukera berri bat emateko gai izango? Niri, Zea Maysi ez bezala, oraindik ez zaizkit ertzak borobildu, ez agintean daudenen ondoan bezala. Soinu bakar-bakarra, haien oilar taldea, negua badoa-eta, negua badoa-eta.