Siriako egoera nahasia, gero eta kezkagarriagoa
Iragan asteburuan Jisr al Shagurren hasi ziren liskarren gaineko informazioak oso nahasiak dira, herrialdearen egoera bezain nahasia, antza. Oraindik ilunak dira hiri hartan gertatutakoak. Gobernuak talde armatuei egotzi zien erasoa eta dozenaka soldaduren hilketa, eta atzo errefortzuak bidali zituen ipar-mendebaldera matxinadak menperatzeko. Oposizioaren esanetan, berriz, herenegun hildako soldaduak Bassar al Assad presidentearen aldeko tropen eta zenbait desertoreren arteko liskarren ondorio dira, oposizioko ekintzaile batek zenbait talde armaturen berri jakinarazi bazuen ere. Beraz, oso zaila da azken egunotako hildakoen artean zenbat diren soldadu, zenbat zibil eta nola hil diren ere jakitea. Horiek horrela, ez dago jakiterik Al Assad presidenteak botereari eusteko zer aukera duen, ezta oposizioak hari boterea uztarazteko gaitasunik izango duen. Presidente siriarra hainbat preso askatzen ari da eta elkarrizketa politikorako batzorde bat abian da; hala ere, matxinatuek eutsi egin diote haren kontrako presioari, Al Assadi boterea uzteko eskatuz. Alde bateko eta besteko informazioak, ordea, guztiz desberdinak dira. Nolanahi ere, argi dago Siriako egoera gero eta kezkagarriagoa dela. Errepresioak maila ikaragarria iritsi du eta liskar armatuek ere goranzko joera hartu dutela dirudi. Egoera ez da argia, bai, aldiz, herrialdea gerra zibilera eraman lezaketen zantzu kezkagarriak.