Gorbeiari lotuta, bihotzez egin du Gontzal Mendibilek disko berria
Arratiarra denez eta Gorbeia beretzat beti «totem» gisakoa izan denez, aspalditik zuen asmoa Gontzal Mendibilek bertako kontu, kantu eta istorioak kaleratzeko. «Neure txiki polita» da emaitza.
Maider IANTZI | BILBO
Aiton-amonek kantatutako doinuak, txiki-txikitatik aditu dituenak, bildu ditu Gontzal Mendibilek bere lanik berrienean, baina bere estilora ekarrita, jazz eta swing ukitua emanda. Testuak ere berak bilatuak edo entzunak dira, aspaldikoak baina gaur-gaurkoak: maitasun kontuak kontatzen dituztenak, edo herrian gertatutako arazoak, hainbat tragedia ere bai... Gorbeiari lotuak denak, identifikatuta sentitzen baita musikaria mendi honekin.
«Jaioberritatik aurrean izan dut, baita eskolatik jolastera ateratzen ginenean ere, eta istorio pila bat ditu leku honek. Hori dena ateratzea izan da nire asmoa: bizipenak, oroimenak, joandakoen istorioak», adierazi zion GARAri artistak.
Arreba eta biak haurrak zirela ateratako argazki bat ageri da azalean; barrenean, aldiz, hamabi kantu, hamar jaso eta egokituak eta bi berak sortuak. Berak egindako abestietako batek «Gorbeiako haizea» izena du eta Gandiagaren hitzak ditu. «Malkoak euri balira» Sabin Intxaurraga lehengusuari eskaini dio, Gorbeiazale amorratua baitzen bera ere eta Mendibil disko hau egiten ari zela hil baitzen. «Malkoak euri balira/ bustiko baleukiez/ kanpo ta barrenak./ Itxi dozun hutsuneak/ osatuko baleusku/ geure esperantza,/ ezindura guztiak/ itoko balira./ Pozaren bat bihotzean/ hasiko baliaku/ etsipen hontatik/ urtengo bagendu,/ bizi dogun oinazak/ alde egingo baleusku», hasten da abesti hunkigarria.
Abesti hau bezala, disko osoa ere «bihotzez, barru-barrutik» egina dela azaldu zigun musikariak. Gaineratu zuenez, bertze freskotasun bat ere badu aitzineko lanekin konparatuta, ia zuzenean grabatu zituztelako kantuak, bi egunetan. Marife Nogales, Jose Luis Canal, Angel Unzu, Joe Gonzalez, Blas Fernandez, Roberto Caballero eta lagun gehiagok osatu dute lan taldea. Arratiako Mankomunitateak eta Otxandioko Kultur Elkarteak lagundu die, eta Elkarrekin ekoitzi dute diskoa. Eskerrak eman zizkien denei arratiarrak.
Herriz herriko kantaldietara arte agurtu zen, jendea Gorbeia aldeko kantu hauek berarekin batera kantatzera animatuz.