KRONIKA | CRISTOBAL BALENCIAGA MUSEOAREN IREKIERA
Getariako pasarelan, modelo zaharkituegiak desfilean
Getariako Balenciaga museoaren irekiera sortzailearen senideez eta moda adituz jantzi zen atzo, baina baita Espainiako aristokrazia eta errege-etxeko ordezkari nahiz pertsonaia xelebrez ere. Ia 400 gonbidatu eta 120 kazetari inguru bildu ziren.
Ane ARRUTI
Etxe berria joan den astean estreinatu zuen Cristobal Balenciaga jostunak eta, moda diseinatzaile legez, aste osoan zehar nahikoa «desfile» izan dute Getaria eta inguruetan. Herritarrak artegatu dituen gorriz, beltzez, berdez nahiz kaleko arropaz jantzitako «modeloen» presentziak atzo jo zuen goia, museo ireki berriaren inaugurazio ekitaldirako ia 400 gonbidatu «garrantzitsuri» ongi etorria egiteko. Horietan gorenetan gorenena, Sofia Greziakoa, Juan Carlos Borboikoaren emaztea eta Fundazioaren ohorezko presidentea.
12.30ean zen zita, baina 11.00ak alderako, 120 kazetari ingururen aurrean inprobisatutako pasarelatik, kanpoko zirimiriaren moduan, tantaka azalduz joan ziren gonbidatuak. Horien artean jostunaren senitartekoak. Esaterako, bertan zen museoan ikusgai dagoen soineko zaharrenaren (1912) jabearen -Balenciagaren lehengusua- alaba, Pilar Aranbide. Baita getariarrarekin lan egin zuen Milagros Bohoyo jostuna edo Fundazioak bildumako 1.200 soinekoen artean bere dohaintza egin duen Bibiñe Belaustegigoitia ere.
Horien ondotik iristen joan ziren Hubert de Givenchy Balenciaga Fundazioko presidente sortzailea, nazioarteko eta Euskal Herriko moda diseinatzaileak -Ailanto, Estrella Ash, Joaquin Trias, Juanjo Oliva, Philippe Venet, Francis Montesinos, Ion Fiz, Nora Izagirre, Amaya Arzuaga, Modesto Lomba-, Dior moda etxeko Beatriz de Orleans, euskal nahiz espainiar instituzioetako ordezkariak... Agertu ez zirenen artean, Getariako alkate ohi Mariano Camio eta Julian Argilagos arkitekto kubatarra, museoarekin lotutako irregulartasunengatik auzipetuta dagoena Azpeitiko epaitegian.
Interes edo morborik handiena, ordea, ogibide ezagunik ez duten bestelako celebrity-xelebreek piztu zuten: Iazko otsailean Madrilgo Argizari Museotik kanporatua izan zenetik gutxitan agertu den Sofiaren suhi ohia, Jaime de Marichalar, traje urdin estu samar bat jantzita; Carmen Martinez de Bordiu y Franco -duela hogeita hamar urte pasatxo hil zen espainiar diktadorearen biloba- eta bere senar Jose Campos; bere denbora guztia «senarrari eskaintzeko» pasarelak abandonatu zituen Nati Abascal -oraindik ere ederki dominatzen ditu kamera aurreko poseak-, Suzy Menkes «estilismoaren gurua» bere ohiko tupe eta guzti; Carla Royo Villanova...
Bi musu edo eskua?
Protokoloak agindutakoa hamaika aldiz errepasatua izango zuten ziurrenik, baina erregina espainola bere auto ofizialean iritsi eta ate ondoan errenkadan zeuden ordezkariei eskua eman ondoren, dantzarien aurrean jarri zenean, bola-jokorako prestatzen ari bailiran zalantzati eta urduri aritu ziren politikariak tokatzen zitzaien postuaren bila.
Azkenean, Donostiako Orfeoiari bizkarra emanez, antolatu ziren nola edo hala: ezker-eskuin, Angeles Gonzalez-Sinde Kultura ministro espainiarra eta Patxi Lopez lehendakaria; lerroa osatuz, Gasteizko parlamentuko presidente Arantza Quiroga; Hubert de Givenchy, Balenciaga Fundazioko presidente sortzailea; Andoni Aristi, Getariako alkatea; Blanca Urgell, Kultura sailburua; Mikel Cabieces, Estatu espainoleko ordezkaria; Markel Olano, Gipuzkoako jarduneko ahaldun nagusia; eta, Sonsoles Diez de Rivera e Icaza, Fundazioaren patronatuko presidenteordea, azken hau Balenciagak oparitutako 1965eko bi piezako trajearekin.
Orfeoiak abestuta, aurreskua eskaini zieten bi dantzarik eta, lehendakariaren laguntzaz, erreginak museoaren plaka estalgabetu zuen gero. Argazkietarako berriro ere zintzo-demonio lerrokatu eta "Agur jaunak" entzunaz eman zioten amaiera ekitaldiari. Gonbidatuek aretoz areto museoaren bisita gidatuari ekin zioten eta, bukatzeko, Juan Mari Arzakek prestatutako 24 pintxoko koktela izan zuten dastagai.
Sofia erreginak, kazetarien aurrean behintzat, hitzik ez. Agian izango zuen semeak Iruñean bizitako pasadizoaren berri eta, badaezpada, hobe ez arriskatzea.