GARA > Idatzia > Kultura

Haizea BARCENILLA | Arte komisarioa

Kromoak

 

Hauteskundeetako momenturik dibertigarriena iritsi da: politikariak mahaiaren inguruan eseri eta bakoitzak bere kromoak ateratzen ditu, oso baliagarri ez zaizkionak bilduma bukatzeko falta zaizkion beste horiek lortzeko helburuarekin trukatzeko. Hasten da jokoa eta hasten dira apustuak: hauteskundeetako garai honek adrenalina topera dakar.

Hauek dira, niretzako behintzat, etsipen momenturik gorenak: programetan zeuden esaldi guztiak ezerezean geratu eta boterea lortzeko lehia hasten da.

Nire gaurko asmoa datozen aldaketek kultur arloan eragin ditzaketen eraldaketez hitz egitea zen, batez ere arte proiektu handiak ardatz hartuta: Tabakalera, Donostiako kultur hiriburutza, Montehermoso... Azkeneko egunetako berriak irakurri ostean, ordea, gogoa kendu zait.

Izan ere, gero eta argiago ikusten dut agintzea dela helburua, edozein eta edonoren gainetik; gizarte desberdintasunak eta beharrak alde batera utzita; programa espezifikoak eta arlo ezberdinetako espezialisten iritziak aztertu gabe.

Gipuzkoako bizitza kultural pobrea edo Montehermosok jasotako mehatxuak besteei aurpegiratu ahal zaizkien argumentu bihurtzen dira, ez benetako konponbidea behar duten gizarte arazo; bestalde, azpiegitura handiek kromo baliagarrien rola hartzen dute, batzuk lortu eta besteak besteei kendu nahian. Emadazu Aldundia eta nik emango dizut hiriburutza. Xake-mate.

Bitartean, kultura arloko langileok leihotik betiko euria erortzen ikusten dugu, beste batzuek gure izenean egingo dituzten deliberazioen zain geratzen garen bitartean; behin dena erabakita dagoenean, ebatzitakoa kalterik txikienarekin bideratzeko moduak bilatzea eskatuko digutela jakinda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo