GARA > Idatzia > Mundua

Turkiako Legebiltzarreko bozen atarian, ziurtzat ematen da islamisten garaipena

Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroaren AKP alderdiak igandeko hauteskundeak irabaziko dituela aurreikusita, zenbateko aldeaz egingo duen da orain zalantza nagusia, horrek zeharo baldintza baitezake Konstituzioan egin asmo dituzten aldaketen nondik norakoa.

GARA |

Turkian inork gutxik jartzen du zalantzan uneotan gobernuan den AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiak arrakasta itzela lortuko duela datorren igandeko legegintzarako hauteskundeetan. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroaren alderdiaren garaipena ziurtzat jotzen dute guztiek, eta, zalantza bakarra, zenbaterainoko aldeaz nagusituko den da.

Inkestek diotenez, %45eko sostengua jaso lezake AKPk bozetan, eta horrek, Kongresuko 550 eserlekuetatik 367 eskuratzea ahalbidetu liezaioke; hala izanez gero, Gobernuak nahikoa indar luke, erreferendumera jo beharrik gabe, Konstituzioan nahi beste aldaketa egiteko -iaz Konstituzioan aldaketak egitea hobetsi zuten turkiarrek erreferendumean, botoen %58arekin-. Alabaina, 330 eserlekutik behera erdietsiz gero, oinarrizko legeak berrikusteko aliantzak eta hitzarmenak adostera behartuta egongo litzateke Erdogan.

Adituek diotenez, azken urteetako herrialdeko balantze ekonomiko oparoak mesede egiten dio AKPri; iaz, %8,9ko hazkunde ekonomikoa izan zuen Turkiak, eta, hori gutxi balitz, urte honetako lehen hiruhilekoan %11,5era jaitsi da langabezia-tasa, historiako kopururik baxuenera. Alderdi islamistak ere ongi daki hori, eta ekonomiari helduta egin du, batik bat, kanpaina. Kasik sinestezinak diruditen promesak egin dituzte, gainera, herrialdea mundu mailako potentzia nagusien artera eramateko ziurtasuna, esaterako.

Egun, munduko hamazazpigarren herrialde aberatsena da Turkia (pertsonako batez besteko barne produktu gordina 6.800 eurokoa izan zen iaz), eta azken urteetako hazkundearen ildotik segituz gero, 2023rako lehen hamarren artean koka litekeela diote (hots, pertsonako 17.000 euroko barne produktu gordinarekin). Neurriz kanpoko kopuruak dirudite, zeharo sinesgaitzak; areago mundu mailako krisi ekonomikoa ikusita. Aldiz, turkiarrek dezente erreparatzen diete datu ekonomikoei, 2009ko udal hauteskundeetan argiro geratu zenez; %4,8ko galera izan zuen urte horretan herrialdeko ekonomiak, eta, horren haritik, AKPk %37ko sostengua jaso zuen apenas.

Giza eskubideak, zintzilik

«Ekonomia zereginei, akaso, heldu diete, baina giza eskubideen errespetuan lan mardula dute artean egiteko», adierazi du Ferda Kertmelioglu Tugiad elkartearen presidenteordeak. Egonkortasuna aitzakia hartuta, Erdoganen Gobernuak zenbait neurri atzerakoi hartu dituela deitoratzen dute, Internet sarearen zentsura edo hainbat komunikabideren jardunaren murrizketa, esaterako. Horiexek dirudite, adituen ustez, islamisten hegemonia betikotzea oztopatzen duten paradigmak.

hamar atxilotu

Turkiako poliziek hamar lagun atzeman zituzten atzo, Al Kaeda-rekin hartu-emana dutelakoan. Adana probintzian atxilotu zituzten horietatik bederatzi, eta Hatay probintzian hamargarrena. Hainbat etxe ere miatu zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo