GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA

Haragi artifiziala

Mikel SUSPERREGI Carbonica.org

Munduan zehar haragiaren produkzioak ingurumenari arazo ugari sortzen dizkio, ur eta elektrizitate asko behar duelako aktibitate honek. Egoerak, gainera, okerrera egin du azken urteotan. Izan ere, Txinan eta Indian soldatak igo izanaren ondorioz, askoz haragi gehiago jaten da.

Haragi kilo bat sortzeko prozesuan, batez beste 37 kilo CO2 adina negutegi gas isurtzen dira. Hori karbono aztarna monumentala da, batik bat kontuan hartzen baldin badugu Mendebaldean maiztasun handiz, eta kopuru handietan, jaten dugula haragia. Mendebaldean proteina iturri nagusia da haragia, Japonian salbu (han arraina da). 4x4 ibilgailu bat lau orduz gidatzeak beste CO2 eragiten ditu haragi kilo bat sortzeak, eta, hori, urte baten buruan, kopuru izugarria da. Euskal Herrian, batez beste 120 kilo haragi jaten ditu urtero herritar bakoitzak; hori, 4x4 ibilgailu bat 480 orduz, egunero ordu bat eta hogei minutuz, gidatzearen parekoa da.

Estatubatuarrak ez dira, normalean pentsatzen denaren aurka, munduan okela gehien jaten dutenak. Haragia gustukoen dutenak danimarkarrak dira: urtero herritar bakoitzak 146 kilo jaten ditu batez beste (hau da, 4x4 ibilgailua bat 584 orduz gidatzea, egunero ordu bat eta 80 minutu).

Orain arteko kalkuluetan, gainera, ez dugu kontuan hartu haragia paketatu egin behar dela, ezta salmenta prozesuak bere logistika duela ere. Horrek energia erabiltzea eskatzen du, eta, ondorioz, CO2 isurpenak eragiten ditu. Garraioaren erabilerak eragin handia du isuri horien zenbatekoan. Adibidez, ez da gauza bera bertako haragia jatea edo Argentinatik hegazkinez bidalitakoa jatea. Kasu bakoitzak bere karbono aztarna propioa du. Dena dela, haragia sortzeko prozesuan eragindako isuriekin konparatuz gero, garraioarekin lotutakoak erlatiboki baxuak direla azpimarratu behar da.

Mendebaldean haragia jateko ohitura nahiko finkatua dago, eta azken urteotan ez da asko aldatu. Hala, kontsumo igoera garapen bidean dauden herrialdeek eragin dute.

Bestalde, abereen elikadurak ere badu bere garrantzia ingurunearen aldetik. Adibidez, behiek belarra jaten badute, %85 energia gutxiago erabiltzen da elikagai artifizialak jaten badituzte baino; hala, berotegi efektuko gasen isurpena %40 txikiagoa da. Eta jakina, horrela ekoitzitako okela osasuntsuago ere bada.

Abereentzat elikagaiak sortzeko asmoz, Brasilen ehunka mila hektarea oihan tropikal moztu dituzte azken urteetan soja haziak industrialki sortzeko. Europako haragi produktoreak hornitzeko erabiltzen dira hazi horiek. Epe luzera begira ez da batere estrategia ona, eta, beraz, ingurunea txikitu gabe haragia sortzeko modu berriak bilatu behar dira. Adibidez, haragi artifiziala, laborategian sortutakoa.

Oxford Unibertsitateko ikerketa talde batek laborategiko haragi artifiziala sortzeko beharrezko baldintzak aztertu ditu orain dela gutxi. Taldearen esanetan, hamar urte barru lehen haragi zatia sortzeko gai izango dira.

Hasiera batean ikerketa garestia izango bada ere, hogei bat urte barru haragi artifiziala komertzialki egiteko moduan izatea espero dute, munduko apetitu asegabea hornitzeko gai izango direlarik. Haragi artifiziala, merkea izateaz gain, hautagai bikaina da eskala handiko elikagaia izateko.

Haragi artifizialak %96 CO2 isuri gutxiago sortuko ditu, eta, horrez gain, %85 energia gutxiago beharko du. Horrenbestez, errezeta ezin hobea da ingurumenarentzat.

Kontuz ibili beharko dugu, ordea, haragi artifizialarena irtenbide «perfektuegia» izan ez dadin. Izan ere, haragia ekoiztea errazegia edo merkeegia bada, munduko populazioa kontrolez kanpo garatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo