GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi Kazetaria

«ETA ha asesinado a siete en Andoain»

Egia osorik ez omen dago, eta bakoitzarena egiaren parte bat ei da. Horren arabera, guztion egia zatiekin osatzen da hizki larridun egia. Egia osotasunean identifikatzea zaila bada, gezur biribila, gezur ustela topatzen ez da hainbesteko lanik. Adibideak dozenaka ditugu egunean: egiak bailiran saltzen dizkiguten faltsukeriak; errealitate ez errealak; asmo gaiztoko baieztapenak.

Horietako batekin egin nuen topo atzo egunkari batean, Andoaingo Udalaren inguruan batzuek asmo zitalez -eta gezurra baliatuz orain ere, bizkartzainei ateak ixten dizkien erakundeak franko baitira Euskal Herrian eta beste hainbat tokitan, «guk demokratok» kudeatutakoak- piztutako polemikaren harian idatzitako artikuluan. Gaztelaniaz ekarriko dut lerrootara, zetorren bezala: «`Las cosas no se pueden hacer con tan poca sensibilidad, ni se puede jugar con nuestra seguridad', se lamenta Vela [Jose Luis izenez, PSEko zinegotzia], quien recuerda que en Andoain ETA ha asesinado a siete personas». Ez dakit faltsukeria norena den, hautetsiarena edota kazetariarena: alegia, Velak horrelaxe bota ote zuen, edota «biktimak» esanda kazetariak zazpi hildakoak ETAk eragindakoak zirela ulertu ote zuen. Hor dago zalantza: asmo gaiztoko gezurra da? Informazio ezak, utzikeriak eta itsukeriak osatutako nahas-ma- hasaren ondorio? Eta, bietatik, zer da larriago?

Azken 30 urteotan, atentatuan Andoainen hildako herritarrak zazpi dira -eta gatazka politiko eta armatuak beste pare bat ere utzi ditu bidean-, hor ez dago gezurrik: Ignacio Olaiz, Jose Ramon Ansa, Jose Diaz, Francisco Javier Ansa, Juvenal Villafañe, Jose Luis Lopez de la Calle eta Joseba Pagazaurtundua. Bost ETAren ekintzetan, bai, baina bi gerra zikinarenetan: Triple A eta BVEren tiroketa banatan, zehazki. Horra egia.

Osoa nahi duzuela? Nor zen nor eta zeinek akabatu zuen zein? Norberak aurki dezala. Ez da zaila; ezta kazetariontzat ere, topatu nahi izanez gero. Zazpiak dira biktimak. Eta errespetua zor zaie. Berdin-berdin. Baina batzuek haien izenak eta izanak erabiltzen dituzte beren interes maltzurretarako. Gezurra dela medio askotan. Gehiegitan. Eta bost axola zaie.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo