GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Normalizazio prozesua Flandriako Parlamentuan eta Estatu espainolaren beldurra agerian

Flandriako Parlamentuan atzo eztabaida argigarria izan zen. Alde batetik, Euskal Herrian abiatutako prozesua, normalizazio politiko eta demokratikoa helburu duena, nazioarteko agendetan sartzen hasia dela berresten duelako. Garrantzitsua eta, beraz, eskertzekoa da gatazka politikotik kanpoko eragileek prozesu horrek behar dituen aterabideak bultzatzea. Bestetik, argigarria izan zen, halaber, Gobernu espainolaren jarrera nabarmen, are nabarmenago, utzi duelako. Flandriako Parlamentuko ekimena iragarri zutenetik atzo arte, Estatu espainolaren presioak eta errealitate desitxuratua sinetsarazteko saio etengabeek ezin argiago utzi dute nazioarteko mugimendu diplomatikoek eragiten dioten ondoeza eta gatazkan erosoago dagoela. Gatazkako eragileek oso jarrera desberdina dute normalizazio prozesuari dagokionez, batzuek normalizazio prozesua errazteko urratsak egiten dituzten aldi berean, beste batzuek kontrako norabideari eutsita jarraitzen baitute, nazioarteko esfortzu diplomatikoei ere muzin eginda. Eta jarrera hori beldurraren adierazle baino ez da, begirada objektibo batek behatuz gero, galtzaile ateratzeko beldurrarena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo