Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren etxeak
Bizitzaren ardatz nagusia bizitzaren beraren etengabeko hausnarketa baino ez da. Bizitzaren zio nagusia hurrengo egunean ere bizirik egotea da. Baina ezin dugu uka maiz gizakia nekatu egiten dela bizitzeaz eta bizitzarik gabeko unera pasatu nahi duela. Ekintza honek ere bere gogoeta sakonena behar du. Berri Txarrak taldeak 2005ean argitaratu zuen «Jaio. Musika. Hil». Hor dago ogitarteko biribilena. Agian beste modu batera plantea daiteke: ezereza. Bizi. Ezereza. Ogien artean dagoena da garrantzitsuena eta behin baino ez duguna egingo bizitzea. Bizi garen bitartean beste gauza askoren artean musika dugu eta herri guztietan musika ekintzak garrantzia izan du, toki batzuetan oinarri sendoagoak izan dituelarik.
Kultura bakoitzak bere balioak erantsi dizkio pentsamenduari. Kantuaren munduan, bizitzaren beste ataletan bezala, rock´n roll salbatzaile ugari dago irudia zaintzen. Gizakia kulturaren barruan dagoen arren, sarri egin ditu «silikonazko kantuak» (BT). Musika eta bizitza testuinguru sozial baten barruan identifikatuko ditugu, kolektibotasunean, parte hartze kolektiboan, alegia. Ezin ahaztu, ordea, kultura bera badela ere kolektiboaren zein gizabanakoaren kartzelarik indartsuenetarikoa. Bizitzaren zein musikaren balore askatzaileak defendatzea eta ekimen sortzaileak ateratzea da hezteko dugun baliabiderik zintzoena. Euskal Herrian Musika Etxe Sarea abian jarri dute. BilboRock aretoa kudeatzen duen Emankor, Gasteizko Jimmy Jazz, Miarritzeko Atabala eta Bermeoko Kafe Antzokia, hasierako lau. Eraiki ditzatela musikazaleen balorerik askatzaileenak denon poztasunerako.