GARA > Idatzia > Euskal Herria

San Juanek Eibar ere sutan jarriko dute

Egun handia da gaurkoa, San Juan bezpera. Txoko asko suaren kolore gorri, hori, laranjaz beteko dira, eta ikasturteko liburu zaharrak erreko dituzte. Nor edo nor pentsamendu edo gogoeta ilunak sutara botatzen ere saiatuko da. Aurretik, hala ere, egun luzea dago. Eibarren behintzat badago zer eginik iluntzera arte, festan jo eta su baitzabiltza jadanik.

p019_f02.jpg

Ana ABARIZKETA | EIBAR

Urteko gaurik misteriotsuena izan liteke gaurkoa, San Juan bezpera baita. Asteartean, hilaren 21ean, udan sartu ginen, urteko egunik luzeenean. Egun hauen inguruko sinesmen ugari dira kultura anitzetan; horietako batek dio eguzkia gelditu egiten dela solstizioa gertatzen den egunean. Milaka urtetan gogotsu ospatu den gertakaria da, beraz.

Kristau erlijioaren zabalkundearekin, egun aipagarri hau ospatzeko modua aldatu egin zen, baita data bera ere. Euskal Herrian, neurri batean behintzat, lortu da festaren muinari eustea. Gauean sua piztuko dute hamaika txokotan, eta suaren kolore eta edertasuna ikusi ahal izango da han eta hemen. Tamaina guztietako suak, handi, ertain zein txikiak egingo dituzte bazter ugaritan, ilunabarretik hasita. Abesti zaharrak eta ez horren zaharrak kantatzeko beta ere izango da. Ilunabarra iritsi aurretik, ordea, egun luzea dugu, eta Eibarren gaueko suaren tamainako festa dute prestatua.

Goiz-goizetik festan

Duela urte batzuetatik hona asko aldatu da Eibarren egunez San Juan bezpera ospatzeko duten modua. Herriko gazte koadrilek dira horren arduradun nagusia.

27.000 pertsonatik gora bizi diren herri honetan koadrila batzorde bat sortu zuten 2005. urtean. Gazteak batzeko saiakera hartatik sortu zen gerora Gaste izeneko elkartea, egun bizirik dena. Bizirik eta osasuntsu gainera, askotariko jendeak jotzen baitu batzordera festen antolakuntzan laguntzeko asmoz.

Josu Mendikute da kideetako bat. «Egitarauan gazteentzat gauza handirik ez zegoela ikusten genuen, eta egunez zeuden ekitaldiak oso instituzionalak zirela», dio eibartarrak. Gazteek jaiak egunez gozatzeko aukera izatea izan dute helburu hasieratik; izan ere, beste herri batzuetan hori posible zela ikusi zuten. Horrela lortzen baita herriko festak bereziak izatea; «gauez tabernetan ibiltzeko edozein asteburu badago urtean zehar», gaineratu du Mendikutek.

Ekintzei erreparatuz, eguerdian Lizarrako dultzaineroei egingo zaien ongietorria da aipatzekoa. Gaste elkartekoak ere bertan izango dira, txarangak lagunduta. Jarraian, txupinazoa botako dute udaletxetik. Arratsaldean, berriz, koadrilen arteko jokoak izango dira zezen-plazan. 1.000 lagun inguru batzen omen dira bertan, eta jai giro bikaina sortzen omen da. 15 bat koadrilak parte hartzen dute jokoetan, Mendikuteren esanetan. «Aurten, koadrila batek esan du antolatuko dituela jolasak, beraz, eta urtero joko asko errepikatzen diren arren, beste batzuk aldatu egiten dira antolatzaileak desberdinak direlako».

Hortaz, suak eta jokoak, biek bat egingo dute Eibarren.

Lisker talde eibartarrak bizi-bizirik jarraitzen du oholtza gainean 33 urte bete dituen honetan

Euskal Herriko hainbat oholtzatara igo dira azken 33 urtetan Lisker taldekoak. Ibilbide luzea, beraz, 1978. urte inguruan, koadrila ezberdinetako hainbat lagun, musika zaletasunak bultzatuta, bildu eta musika talde bat osatzea pentsatu zuten hartatik igarotakoa.

Julian Alberdi, Ernesto Gomez, Jesus Gil, Josean Salado eta Javi Zabala bildu ziren hasiera batean taldean, guztiak eibartarrak. Kontzertuetan hasi eta gutxira, sortu berria zen Xoxoa diskoetxeak, euskal musika eta rocka bultzatzeko gogoz, disko bat grabatzeko eskaintza egin zien. Taldea osatu eta urtebetera kaleratu zuten aurreneko diskoa. Taldeko kideei dagokienez eta aldaketak egon ziren arren, Liskerrek aurrera jarraitu zuen.

Ibilbide honetan, garaiak aldatzen ari zirela ikusi zuten. Euskal rock erradikala indar handiz sartu zen Euskal Herriko gizartean; musika aldatzen ari zen. Liskerren musika eskaintzak tokirik ez zuela ikusita, berbenetan jotzea erabaki zuten, momentu hartan ere mundu hori ez baitzen arrotza taldearentzat.

Geroztik, aldaketak izan dira taldean taldekide batzuk aldatzen joan baitira. Aroa eta Eric gazte eibartarrak izan dira sartzen azkenak. 33 urteko ibilbidea da orain arte egin dutena eta taldea bera ere asko aldatu da, 33 urtek aldaketa askorako bidea ematen baitute. Gaur gauean bertan, kontzertua eskainiko dute euren jaioterrian. Untzaga plazan izango da, 23.00etatik aurrera. A.A

kale antzerkia

Arratsaldeko zazpietan kale antzerkia izango da Trapu Zaharra taldearen eskutik, Untzaga plazan. «Camping Renove» izenburua duen antzezlana eskainiko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo