GARA > Idatzia > Mundua

Mediterraneoko portuetan biltzen hasi dira Gazara joango diren ekintzaileak

Oraindik ez dute jakitera eman nondik eta noiz abiatuko diren zehazki, baina Askatasunaren Flotillan parte hartuko duten ontziak eta giza laguntzako materiala Greziako eta Turkiako portuetan batzen hasi dira. «Gernika» barkuan joango direnak atzo partitu ziren Madrildik.

GARA | GAZA

Israelek Gazari ezartzen dion blokeo egoera arintzea eta bertara giza laguntza eramatea helburu duten ekintzaileak hasi dira dagoeneko Mediterraneoko portuetan elkartzen. Askatasunaren Bigarren Flotilla osatzen duten giza eskubideen aldeko erakundeek esana zuten hil honen bukaera aldera irtengo zirela Gazarantz, baina oraindik ez dute jakinarazi noiz partituko diren. Alabaina, flotilla osatuko duten hamabost ontziak eta haraino eramango duten materiala pilatzen hasi dira zenbait portutan, Grezian eta Turkian, zehazki.

Ekintzaileek ere hartu dute portuetarako bidea; Turkia, Grezia, Suedia, Herbehereak, Kanada, Alemania, Belgika eta Suitzatik abiatuko dira, besteak beste. Herenegun, hain zuzen, New Yorketik Atenaserainoko hegaldian ontziratu ziren 30 bat ekintzaile, «1,6 milioi lagun bortxaketa etengabe batera kondenatzen dituen egoera salatzeko asmoz».

Atzo, berriz, «Gernika» barkuan ontziratuko diren bi euskaldunak, Edorta Jimenez eta Mikel Zuluaga partitu ziren Madrildik «Mediterraneoko portu galdu baterantz». Estatu espainoleko ordezkaritza osatuko duten partaideekin elkartu ziren bertan, eta denen izenean, Willy Toledo aktoreak hartu zuen hitza: «Gobernuak egin beharko lukeena egitera goaz, Israel Gazarekiko bidegabeko blokeoa amai dezan behartzera», azaldu zuen Madrilgo Gobernua kritikatuz. Haiek ez dute ekimen hau sostengatu nahi izan; areago, bertan parte har ez dezatela galdegin die ekintzaileei. «Ez genuen askorik espero NATO bezalako erakunde kriminal batean parte hartzen duen Gobernu batengandik, are gutxiago Libia bonbardatzea ekintza humanitario gisa definitzen duen exekutibo baten partetik», gaineratu du aktoreak.

Israelek flotillaren aurka oldartuko dela mehatxu egin du, eta horren aurrean, iaz bezala, erresistentzia baketsua baliatuko dutela adierazi dute ekintzaileek, joan den urteko sarraskia errepikatuko ez den itxaropenez.

ETXE ERAisteak

B'Tselem giza eskubideen aldeko erakunde israeldarraren esanetan, Tel Avivek palestinarren etxe gehiago eraitsi ditu Zisjordanian azken sei hilabeteetan, 2010. urte osoan zehar baino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo