GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oroimina ekarriko du Arbizura antzinako panpina eta bizikleten erakusketak

Urte mordoxka da Santi Saez de Muniain altsasuarrak aspaldiko jostailuak biltzen dituela, eta tarteka azoketan erakusten ditu horiek. Bilduma ikustea denboran bidaia egitea da. Gaur, Arbizun izango da, 13.00ean.

p019_f02.jpg

Oihane LARRETXEA | ARBIZU

Haurrentzat paradisua izango da eta helduentzat, denboraren makinan bidaia egitea. Arbizuko San Juan jaietako ekitaldien artean, antzinako jostailuen erakusketa izango da ikusgai bihar, 13.00etatik aurrera. Panpinak, bizikletak, kamioiak, zaldiko-maldikoak, patineteak... denboraren lekuko izan dira guztiak, hitz egiteko gai izango balira, hamaika pasarte eta sekretu kontatuko lituzkete.

Hogei urte baino gehiago daramatza Santi Saez de Muniain altsasuarrak antzinako jostailuok guztiak biltzen, afizioa askoz ere lehenagokoa duen arren. Garai batean pieza bereziak erostea askoz errazagoa omen zen, salneurriak merkeagoak zirelako, baina gaur egun zaletasuna asko garestitu da eta, beraz, ezin du nahi beste erosi.

Estatu espainolean eta frantsesean hamaikatxotan ibilia da batera eta bestera, apurka-apurka bere bildumara gehitzeko harribitxien bila. Ehunka pieza baino gehiago ditu, neurri ezberdinetakoak, eta bilduma hain berezia izanik, edozein lekutara erakustera eramateko modukoa den arren, Saez de Muniainek gertuko tokietan soilik erakusten du. Maiatzean adibidez, Altsasuko artisautza azokan hartu zuen parte. Jendeak arreta eta ikusmin handiz ikusi zituen orduan bere jostailuak, eta baten batek erosteko proposamena ere egin zion. Zoritxarrez, begiez baino ezin dira gozatu.

Arbizun ikusgai izango dira XIX. mendeko jostailuren batzuk, baina gehienak XX. mendeko 20ko hamarkadatik aurrerakoak dira. Urte asko igaro dira geroztik, baina ikuslea ohartuko da baldintza onenetan zainduta eta mantenduta daudela.

Euskal Herriko klasiko bat

Gaurko egunari dagokionez, ikusmina sortuko du halaber, 17.00etan Utzubarren izango den 4X4 autoen erakustaldiak. Ikuskizunean autoak euren artean lehiatzen dira, akrobazia, bira eta salto ikusgarriak eginez. «Jendeari izugarri gustatzen zaion ikuskizuna da -dio festen ardura duen zinegotzi Itziar Lizarragak-. Sakanan urtero Aste Santua baino lehen beste bat antolatzen da eta jendetza etortzen da, ez Euskal Herritik soilik, baita Santander eta Madriletik ere». Jaietan egiten den erakustaldi hau txikiagoa bada ere, jendeak berdin-berdin gozatzen duela baieztatu du.

Euskal Herrian ospatzen diren hainbat eta hainbat jaitako klasikoetako bat ere Arbizun izango da gaur: Gorriti eta bere animaliak. «Edozein tokira noala, ehunka ume `Gorriti, Gorriti...' oihukatzen ikusteak bihotza hunkitzen dit. Hori ez da diruz ordaintzen», aitortu zion egunkari honi aurreko elkarrizketa batean.

19.00etatik aurrera izango dira ikusgai bere abereak. Zenbat dituen galdetuta, jakitea ezinezkoa dela dio: «Poney batzuk Aian dauzkat, astoak Elorriagan ere baditut eta, han-hemenka, beste baserri batzuetan ere animalia asko ditut».

Lagunartean eta jai giroan afaldu nahi duenak aukera izango du, herri afaria izango baita 22.00etatik aurrera, Etxarriko bertsolariez lagunduta. Afalosteko tertulia eta, gauerdian, Tximeleta talderekin gaupasa bikaina egiteko aitzakia ederra.

Indar guztiak, baina, ez dira gaur xahutu behar. Bihar kintoen eguna izango da eta astelehenean, erretiratuena. Mariatxiak, truk txapelketa edota emakumeen afaria ere iristear daude.

aukera bikaina

Azoketan eta jaietan baino ez du parte hartzen Santi Saez de Muniain altsasuarrak, gozatzearren soilik erakusten baitu bilduma. Hortaz, aukera bikaina du Arbizun bilduma berezi hau ikusi nahi duenak.

bertsotan

22.00etatik aurrera egingo den afarian giro ona ziurtatuta dago: mahaia lagunekin partekatu, Etxarriko bertsolariek saioa eman bitartean. Gero, Tximeleta taldeak emango dio hasiera gaupasari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo