Sega Gipuzkoako Abiadura Txapelketako finala
Lizaso eta Garin faborito direla jokatuko da neurketa
Emakumezkoek 35 metro koadroko bi sail moztuko dituzte eta gizonezkoek, 100 metro koadroko beste bi.
Jon LEUNDA
Gipuzkoako segalarien abiadurako finala jokatuko da bihar Zizurkilen, 18.00etatik aurrera, Aunibar belardietan. Bertan, nazioarteko erako moduan jokatuko da, abiadura eta txukuntasuna uztartuko baitira.
Emakumezkoak eta gizonezkoak lehiatuko dira, eta kirolari kopuru handi samarra ikusi ahal izango da Zizurkilen. Betiko erako finalean ez ziren asko izan, baina abiadurakoan ugari izango dira.
Emakumezkoetan honako hauek parte hartuko dute: Balda, Etxaburua, Garin, Galarraga, Otamendi eta Olano. 35 metro koadroko bi sail moztu beharko dituzte, eta garaipena lortzeko faborito nagusia Arrate Garin da. Almitza elkarteak antolatu duen Ligan ere bera izan da garaile, eta zaila izango dute gainerakoek berari txapela kentzea.
Gizonezkoetan, berriz, hauek izango dira lehiatuko direnak: Alkorta, Agirrezabala, Argaia, Garikoitz Etxeberria, Jokin Etxeberria, Joakin Garmendia, Jokin Garmendia, Iñaki Lizaso, Juan Joxe Lizaso eta Pardo.
Horiek 100 metro koadroko bi sail ebaki beharko dituzte. Proba hauetan ez du balio azkar mozteak bakarrik, txukun ere ebaki behar da, bestela zigorra jasotzen baitu egindako denborak, eta azkar moztu arren, narras mozten baldin bada, denbora asko gal daiteke, baita irabazteko aukerarik gehienak ere.
Almitza elkarteak antolatutako Ligako estreinako hiru segalariak ez dira arituko; ez Gabirondo, ez Mitxelena, ez eta Altzo ere; hiru horik ez dira bertan izango, eta Juan Joxe Lizaso uzten du horrek faborito bakar. Asteasukoa ez da aritu Euskal Herriko Ligan, baina lehen ere abiadura probetan aritu izan denean erakutsi du zer nolako maila duen.
Asteasuko segalari beteranoak, gainera, aurten irabazita dauka betiko erako Gipuzkoako txapela ere, eta aurten bi txapelak janzteko aukera ederra izango du. Gero jokatuko den betiko erako Euskal Herriko Txapelketa bereganatzeko ere faborito nagusia da Lizaso.
Lehiaketa honetan betiko eran aritu ziren guztiak neurtuko dira, nahiz eta proba honek ez duen zerikusi handirik, probak oso laburrak izaten baitira.
Zizurkilen erabakiko da bihar, 18.00etatik aurrera, herrialdeko segalaririk azkarrenak eta txukunenak zeintzuk diren. Aunibar belardian izango da ekitaldia.