Aizkora
Zazpi kirolarik ekingo diote aurtengo Txapeldunen Ligari
Jon LEUNDA
Bihar abiatuko da Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga. Bertan bakarkako lehiaketan aritu diren zazpi aizkolarik hartuko dute parte.
Bihar jokatuko da estreinako jardunaldia, hain zuzen eguerdiko hamabi eta erdietatik aurrera Ondategin, Araban, eta bertan Jon Rekondo eta Donato Larretxea arituko dira nor baino nor; lehia hau B multzokoa izango da.
Bigarren jardunaldia Hernanin izango da astelehenean, 12.30etik aurrera Tilosen. A multzoko lehia jokatuko dute Iñaki Azurmendik eta Juanjo Lopezek. Multzo horretan daude, Ohian Larretxea eta Joxemari Olasagasti ere.
B multzoan, berriz, Jon Rekondo eta Donato Larretxeaz gain, Ugaitz Mugertza ere badago.
Liga honetan ere Urrezko Aizkoran egindako lan berak egin beharko dituzte. Abiadurako proba ezberdinak, eta amaieran iraupenekoa. Urrian emango zaio amaiera lehiaketa honi.
Apustua
Bihar, 12.30etik aurrera Abaltzisketako plazan aizkora apustu bitxia jokatuko da. Alde batetik, Iñaki Aierbe arituko da, eta bestetik, Iñaki Montoya.
Bi aizkolariek kana-erdiko bat erdibitu beharko dute, baina Montoyak bi eskurekin egin ahal izango du lana, eta Aierbe II.ak, berriz, batekin. Ikusmina handia sortu da, eta Abaltzisketako plaza gainezka egongo da.