Aldaketaren aurkakoen jarrera oldarkorraren aurrean, euskal presoen eskubideen defentsa
Inork gutxik ukatzen du Euskal Herrira aldaketa garaia iritsi dela. Baina ezikusia egin eta denak berdin jarrai dezan nahi duten horiek ezer ez dela aldatu sinetsarazi nahi dute eta, normalizazio demokratikoak eskatzen dituen urratsak oztopatze aldera, jarrera oldarkorra agertzen dute. Herenegun Gipuzkoako ahaldun nagusiak Arnaldo Otegiren askatasunaren aldeko intsignia eraman izana edo egunotako euskal preso politikoen aldeko ekitaldiak kriminalizaziorako motibo izan dira horientzat. Eskubide urraketa arma politiko gisa erabiltzea ez da euskal gizarteak eskatu duen prozesu demokratikoarekin bateragarria eta, beraz, denen eskubideekiko errespetua bermatzea lehentasuna da. Auzitegi Nazional espainolak ez ditu debekatu presoen aldeko zenbait ekitaldi, baina Fiskaltzak horiek debekatzeko eskatu zuen. Fiskaltzaren jokabidea bat dator aldaketarik nahi ez dutenen jarrera oldarkorrarekin. Alabaina, kikildu gabe, atzo, hileko azken ostiralean, milaka lagun elkarretaratu ziren Euskal Herriko leku askotan, astero bezala, euskal preso eta iheslari politikoekiko elkartasuna adierazteko eta estatuei denen eskubideak bermatze aldera egin beharreko urratsak lehenbailehen egiten has daitezela eskatzeko.