GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kukutza gaztetxearen egoerak ez ditu Errekaldeko jaiak zapuztuko

Bilboko Errekalde auzoko jaiak atzo abiatu ziren, konpartsa eta koadrilen jaitsiera, pregoi eta txupinazoarekin. Uztailaren 4ra arteko jai hauetan, emakumeak izango dira gaur protagonista. Besteak beste, futbito partida eta kalejira egingo dituzte. Berehala hustu beharraren mehatxupean dagoen Kukutza gaztetxea ere gogoan izango dute jaietan.

p020_f03_194x116.jpg

Ane ARRUTI |

San Joan egunez ekin zioten jaiari Errekalden, baina bezperan beste arrazoi batek elkartu zituen Bilboko auzo honetako bizilagunak. Izan ere, duela hamahiru urtetik auzoko parte den Kukutza gaztetxeak datarik zehazten ez duen berehala husteko agindua jaso berri du, bertan Barakaldoko Cabisa S.A. enpresak etxebizitzak eraiki nahi dituela-eta. Auzo elkarteak eta gaztetxean tailer eta jolasak egiten dituzten haurren guraso elkarteak euren elkartasuna adierazi zieten Kukutzako kideei eta, horretaz gain, Iñaki Azkuna alkateari dei berezia egin zioten bilera antola dezan kontua aurrez aurre eztabaidatzearren.

Egoera larria bada ere, auzotarrek aurrera jarraitzen dute jaiekin, eta sekulako egitaraua prestatu dute datorren uztailaren 4a bitartean. Gainera, egunero arratsaldeko bostetan, gaztetxea ezagutzeko bisita antolatuak egingo dituzte. Atzo, 20.00etan, auzoko konpartsa eta koadrilen jaitsiera egin zuten Larraskitutik, gero pregoi eta txupinazoarekin jaiei hasiera emateko.

Gaurko egunak, berriz, «Emakumeak edonon» goiburua du eta, atzoko aperitiboaren ondotik, goiz-goizetik ekingo diote jaiari auzoan. 10.00etatik aurrera, graffiti erakusketa izango da auzoko hainbat txokotan eta, egun osoko ekintzen artean azpimarratzekoak dira 12.00etan jokatuko den nesken arteko futbito partida, 14.00etan egingo den paella jana eta 16.00etan ospatuko den X. Eskalada Txapelketa Herrikoia. 19.00etan emakumeen kalejira izango da.

Gauean, doinu dantzagarrien fusioaren aldeko apustua egiten duten hiru taldek eskainiko dute gaur kontzertua plazan. Che Sudaka, Canteca de Macao, Campeon del Hor Konpon eta Res Abstrakta 23.00etatik aurrera arituko dira. Jai giroan jarraitzeko, 03.00etatik gorputzak kitto esan arte, DJ Stanbul izango da gaztetxean.

Igande goizerako, Itugarpe Errekalde torneoko finalak eta dantza erakustaldiak antolatu dituzte eta, 14.00etan, errepresaliatuen senideen omenezko herri bazkaria egingo da. Indarrak berrituta, V. Goitibehera Jaitsiera izango da Aluzeta bidean 17.00etatik aurrera. 20.00etan, sardina jana egingo da eta 20.30ean, Gilkiltxaro taldeak «8 begi» antzezlana aurkeztuko du Kukutzan. Gauean, folk irlandar ikuskizuna egingo da plazan.

Aste osorako jaia

Hurrengo astelehenera arte, egunero izango da zer aukeratu. Astelehena umeen eguna izango da, puzgarri eta guzti. Asteartean, herri bazkaria, VI. Kale Antzerki Zikloa eta, Koblakari taldearen eskutik, zirkua ere izango da egunean zehar. Bestalde, Arraizpe dantza taldearekin batera, euskal erromeria egingo da gauean.

Ostegunean, asteburuari begira jarriko dira berriro, gazte eguna ospatuko baita. Olinpiadak, tailerrak, triki poteoa... eta eguna bukatzeko, Skasti zarauztarren doinu fresko eta dantzagarriak gaztetxean. Errepresaliatuen eguna izango da ostirala, besteak beste, presoen aldeko bazkaria eta Split 77 eta Donderhond taldeen kontzertuak izango dira. Asteburuan ere egun osoan ekintza ugari izango dira txosnetan nahiz gaztetxean. Kodigo Norte, La Bhanda del Patio eta Selektah Stepi izango dira larunbateko hip-hop gauean eta Toxikas eta Desprezio, igandean. Astelehenean, berriz, paella herrikoi erraldoiarekin eta 22.00etan egingo den azken trakarekin esango diete agur aurtengo jaiei.

KONTZERTUAK

Gaur gauean Che Sudaka, Canteca de Macao, Campeon del Hor Konpon eta Res Abstrakta taldeen kontzertua izango da plazan. 03.00etatik aurrera, DJ Stanbul ariko da Kukutzan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo