Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Inteligentzia emozionala (eta II)
David Brooks kazetariak duela aste batzuk adierazi zuenez, giza naturari buruzko ikuspegi sinplista nagusi da Mendebaldean. Mendebaldeko gizarteetan, hain zuzen, arrazoia emozioen aurretik lehenetsi ohi da hainbat arlotan. Arrazoia fidagarritzat jotzen den bitartean, emozioekin zerikusia duen oro baztertu egiten da susmagarria delakoan. Ildo horretan, gizarte batek aurrera egingo du emozioak alde batera uzten dituen heinean. Gizabanakoari buruz luze eta zabal hitz egitea ondo dago, baina pertsonen arteko harreman kalitateari buruz mintzatzea ez omen dago hain ondo ikusita. Aurrekoan Wolfen garaikideek gizonek eta emakumeek idatziriko literatura sailkatzeko irizpideak ekarri nituen gogora. Bada sailkapen horren arabera, gizonezkoen literaturak lehen kategoriarekin -gizabanakoa ardatz izatea- bat egingo luke eta emakumezkoenak berriz, bigarrenarekin, hots, pertsonen arteko harreman kalitatearen azterketarekin.
Alabaina, Brooksek esaten duen bezala, gizakiok geure emozioen produktu gara. Emozioei zor diegu gauzak baloratzeko gaitasuna. Ezingo genuke erabakirik hartu baloraziorik egiteko gai ez bagina. Are gehiago, Brooksen arabera afektibotasunik gabe ez dago inguratzen gaituen munduarekin, «bestea»rekin, dela emakumezkoa, dela homosexuala, dela etorkina, dela ustezko «etsaia», konexiorik egiterik. Baina esan bezala, Mendebaldean emozioak ez daude oso modan. «Bestea» satanizatzera jotzen dugu zuzenean, jakina baita «bestea» aintzat hartzeko edo, «bestea» «niaren» parte bezala onartzeko haren sentimenduekin bat egiteko ahalmena ezinbestekoa dela.