Battittu Coyos euskaltzain osoaren sarrera ekitaldia, gaur Maulen
1952an Maulen sortua, Coyosek Jean Louis Davant ordezkatuko du erakundean, berriki euskaltzain emeritu izendatu dutena. Zubererari buruzko hainbat ikerlan kaleratuak ditu Coyosek eta 2006. urteaz geroztik euskaltzain urgazle izan da. Goizean eginen da ekitaldia.
Ainize BUTRON | BAIONA
Battittu Coyos, sortzez Maulekoa, euskaltzain oso izendatu zuten joan den azaroaren 26an. Izendapen horri loturik, gaur goizean, sorterriko Maule Baitha zinemagelan Euskaltzaindiko sarrera-ekitaldia eginen da Zuberoako kultur eragileak eta Euskararen Erakunde Publikoko arduradunak bertan izanen direlarik.
Jean-Baptiste Battittu Coyos 2006an euskaltzain urgazle aukeratua izan zen. Jean Louis Davant 75 urteak beteak dituela euskaltzain emeritu izendatu ondoren, Coyosek bere lekua hartuko du erakundean. Euskararen ikerkuntza sailean lan asko argitaratuak ditu zuberotarrak.
1999an, «Le parler basque souletin des arbailles - Étude de l'ergativité»; 2000. urtean, «Langues et cultures régionales de France»; 2004an, «Politique linguistique: langue basque et langue occitane du Béarn et de Gascogne»; 2007an, berriz, «Xiberotarra-Zuberera: le dialecte basque souletin»; eta azkenik, 2010ean «L'enseignement du basque aux adultes natifs et non natifs du Pays Basque nord» dira, besteak beste, kaleratuak dituen lanak. Euskararen Erakunde Publikoa egitura sortu zelarik, bere araudien lehen zirriborroa landu zuen ere Coyosek. Jean Louis Davantek eskatu zion Coyosi euskaltzain oso bezala bere lekua hartzea: «Ez nuen uste sartuko nintzenik inoiz». Horrekin, gogora ekarri zuen bere haurtzaroa. Gurasoak euskaldunak izan arren, beste hainbat etxetan gertatu zen bezala, ez zioten hizkuntza transmititu.
«Bigarren Munduko Gerratik landa transmisioa ukatu da Iparraldean. Bretoiek bilakaera bera izan zuten. Hori zergatik gertatu den aztertu behar da, zeren beste norabide bat hartu nahi badugu, gertakari hori ikertu behar da», nabarmendu zuen.
Euskaraz Bai besta
Heldutakoan, beraz, hizkuntza ikasteari ekin zion, horren ikerkuntzan sartu arte. Azken garai hori aipatzerakoan ere ikasketetan berandu hasi zela gogorarazi zuen Coyosek. Parisen zegoela Hizkuntzalaritza ikasketak hasi zituen. Hizkuntza exotiko baten fonologia aukeratzea eskatu zioten, eta, berak euskara hautatu zuen. «Geroztik ez dut sekula euskararen ikerkuntza utzi, ez eta utziko ere», azpimarratu zuen. Duela zenbait urte erretiroa hartu zuen euskararen ikerkuntzan buru-belarri aritzearren.
Gaurko sarrera-ekitaldia Xiberoan Euskaraz Bai elkarteak antolatzen duen bestaren karietan.