«Bateragune auziaren» epaiketa salatu dute mundu osoko 110 sindikatuk
Nazioarteko 110 sindikatuk, Parisen egindako batzarrean adostuta, astelehenean ekingo dion «Bateragune auzia» salatu dute idatzi baten bidez. Eleak-ek ere, eskubide guztiak errespetatua daitezen exijitzeko, Zuloaga plaza beteko du, asteartean hasi eta larunbatera arte.
Ana ABARIZKETA |
Mundu zabaleko 110 sindikatuk nazioarteko batzarra egin dute egunotan Parisen. Hain justu, gaur bertan amaituko da asteazkenean hasitako batzarra. Bertan «Bateragune auzian» inputatuta dauden zortzi indepen- dentisten absoluzioa eskatu dute eta horien askatasuna exijitu dute, tartean baitago, besteak beste, hogei urtez LABeko idazkari orokor izandako Rafa Diez Usabiaga.
Munduko Federazio Sindikalak eta Estatu frantseseko CGT sindikatuak antolatutako batzar honetan daude, besteak beste, CGT bera, CGTP portugaldarra, CTC kubatarra eta Grezia, Brasil, Bolivia, Palestina, Venezuela, India, Aljeria, Txina eta Vietnameko sindikatuak. LABeko ordezkaritza ere bertan da, hain justu, LAB izan baita «erabateko» onarpena jaso duen ebazpena mahai gainean jarri duen sindikatua.
Madrilgo Auzitegi Naziona- lean astelehenean bertan hasiko den epaiketa salatzen dute idatzian. Bai Rafa Diez Usabiaga, baita ezker abertzaleko beste zazpi kideren atxilotzea ere, «soilik» ideia politikoetan eta jarduera sindikalean aritzearen ondorio izan zela gaineratuz.
Era berean, bat egiten dute, baita babesa eskaini ere, Euskal Herrian sindikatuen gehiengoak, alderdi politikoek eta gizarte elkarteek epaiketaren aurka antolatutako mobilizazioekin.
Zuloaga plazan, Aske Gunea
Bestalde, Eleak mugimenduak datorren asteartean hasi eta larunbatera bitartean Donostiako Zuloaga plazan izango den Aske Gunearen egitarauaren aurkezpena egin zuen atzo. Aurkezpen lanetan aritu zen Joxean Agirre preso ohi donostiarrak Sorkun musikariaren eta Beñat Gaztelumendi bertsolariaren babesa izan zuen.
Iragarria zuten ekitaldia eta atzo egin zuten egitarauaren aurkezpen ofiziala. «Euskal Herria libre eta legala, Eskubide guztiak guztiontzat» lelopean, Auzitegi Nazionalean «Bateragune auziko» zortzi militante abertzaleak -tartean Arnaldo Otegi- eta uztailean epaituko dituzten Oasoaldeko 17 independentisten aurkako epaiketak «biak indar berarekin» salatu nahi dituzte.
Aske Gunea ekimena abiatu aurreko egunean, astelehenean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioa egingo da. Antolatutako guztiaren bidez euskal herritar asko bizitzen ari diren «egoera gogorrak» salatu nahi dituzte.
Agirrek azaldu zuenez, sektore ezberdinetako jendeak «harrera ona» egin dio mugimenduari eta jende askoren babesa jaso du, egitaraua begiratu besterik ez dago horren berri izateko. Musikariak, aktoreak, dantzariak... Era berean, helburua epaiketa dutenei babesa ematea dela azaldu zuen Agirrek. «Motiboak badaude kalera ateratzeko, beraz, plaza beteta egotea nahi dugu», zioen. Gainera, deialdi berezia egin zuten Aske Guneak irauten duen egunetan, 12.00- etatik 19.00etara, plaza beteta egon dadin, honekin «eskubide zibilen aldeko herri babesa erakutsi nahi dugu».
Epaiketen ostean, Eleak mugimenduak aurrera jarraituko duela nabarmendu zuten, «edozein jazarpenen aurrean» bertan izango direla, alegia. Martxan da mugimendua beraz, eta datorren egunetan fruituak jasotzeko gogotsu da.