GARA > Idatzia > Euskal Herria

Saharar herriari elkartasuna adieraziz hasi da jaia Mungian

Atzo arratsaldean eman zieten hasiera Mungiako San Pedro jaiei. Uda herrian igaroko duten ume sahararrei egokitu zitzaien txupinazoa bota aurretik pregoia irakurtzea. Delorean eta Zea Mays taldeen kontzertuak eta beste hamaika ekitaldi izango dira hilaren 3ra arte.

p018_f02.jpg

Manex ALTUNA

Aurtengoan inoiz baino arinago ospatuko dituzte San Pedro jaiak Mungian. Izan ere, arraroa egiten den arren, San Juan egunean hasi ziren festak, egutegiak horrela aginduta. Atzo arratsaldean abiatu ziren txupinazoaren jaurtiketarekin eta saharar haurrek irakurritako pregoiarekin. Uda Mungian igaroko duten haur horiexei eskaini nahi izan zieten hitza hartzeko aukera, saharar herriari elkartasuna adierazteko asmoz.

Ez ziren eguneko protagonista bakarrak izan. Nerea Alias telebistako aurkezlea ere udaletxeko balkoian izan zen eta herriko kaleetan zehar dultzaineroak eta fanfarreak aritu ziren bazterrak alaitzen. Asko izan ziren festa giroa zabaltzeko asmoarekin irten ziren lagun koadrilak, guztiak kamiseta eta arropa koloretsuekin. Eskubeltz taldekoak esate baterako, soinu ekipo baten laguntzarekin, jendea dantzan jartzen ibili ziren herrian zehar.

Txupinazoaren ondoren, hain modan dauden flash mob horietako bat egin zuten San Pedro jaien inguruan, eta horretarako dantza pausoak prestatzen aritu izan dira azken egunotan.

Hasierako eztanda igarota, txosnagunean bildu ziren ekitaldi garrantzitsuenak. Bertan, Governors eta Une euskal taldeekin batera, Morne eta Secret Chiefs 3 estatubatuarrak aritzekoak ziren gauean. Azken talde honetan, Faith No More ospetsuen gitarra-jotzaileak jotzen du.

Txosnagunea, betiko tokian

Bi talde estatubatuarrak Azken Zarata Rock elkarteak egindako kudeaketaren bitartez helduko dira Mungiara. Aipatzekoa da, elkarte honek lehen aldiz jarriko duela txosna festetan. Beraiekin batera, aurreko urteetan izan diren kirol eta kultur eragile elkarte ezberdinak, gazte asanblada edo Malen Skate kluba izango dira txosnagunean.

Azkenean, eta urte osoan zehar zalantzak izan diren arren, txosnagunea azoka ospatzen den tokian izango da berriz ere. Hori bai, aldaketa esanguratsu bat izango da: eszenatokiak eta txosnak beste alde batera emango dute, egiten ari diren obren eraginez.

Kontzertuekin jarraituz, gaur gauean Delorean zarauztarrak izango dira txosnagunean. Matxin plazan, berriz, «Hostoak» dantza, musika eta kantu ikuskizuna izango da: Oreka TX, Amaren Alabak eta Kukai Dantza Taldearen emankizuna sarrera guztiak agortzen aritu da urtean zehar.

Igandean, Baserritarren Eguna izango da eta nekazaritza azoka izango da goizean.

Lehen asteburua indartsu datorren arren, hurrengo asterako ere hainbat ekitaldi eta ospakizun gelditzen dira. Asteartean reggae festa izango da txosnetan eta asteazkenean jaietako egun handia iritsiko da. Goizetik hasita ekitaldi andana izango da gaueko ordu txikietara arte.

Ostegunean auto zoroen jaitsiera egingo dute Larrabizkarretik, eta ostiralean Ingule Gazte Asanbladak antolaturiko Gazte Egunak hartuko du txanda. Larunbatean, ostera, Sorkun eta Zea Mays arituko dira txosnagunean eta, ohitura den legez, Sukalki Egunarekin bukatuko dituzte festak mungiarrek uztailaren 3an, igandez.

omenaldia

Txupina jaurti aurretik, Saharatik gurera uda igarotzera etorritako haurrek irakurri zuten pregoia. Modu horretan, saharar herriari elkartasuna adierazi nahi izan zion Mungiak.

eta gaurko?

Besteak beste, gaur gauean Delorean talde zarauztarrak kontzertua eskainiko dute txosnagunean. Aldiz, Matxin plazan, azken hilabete hauetan arrakasta handia izaten ari den dantza, musika eta kantu ikuskizuna izango da: Oreka TX, Amaren Alabak eta Kukai taldeek prestatutako «Hostoak», hain justu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo