GARA > Idatzia > Kultura

Baionako antzokia kudeatzen duen Scene Nationalek eta Euskal Kultur Erakundeak Kultura emaitza funtsa sortu dute

GARA | BAIONA

Baionako antzokia kudeatzen duen Scene Nationale elkarteak eta Euskal Kultur Erakundeak bat eginik Kultura emaitza funtsa sortu berri dute.

Baionako antzokian egindako agerraldian adierazi zutenez, funts horren bidez finantzaketa publikoa osatu nahi dute, emaitza funts partekatu horrek bilduko dituen ekarpen pribatuei esker.

Berriki kaleratu prentsa-ohar baten bidez azaldu zutenez, «maizegi entzuten da Euskal Herriko kultur aniztasuna herritarren zatikatze faktore bat dela». Izan ere, Scene Nationalek eta Euskal Kultur Erakundeak ikuspegi horrekin bukatu nahi izan dute eta, emaitza funts bakar hori sortzeak alderantzizkoa frogatuko duela uste dute.

Nasaitasun mota guztiak

«Emaitza funts horri esker, enpresa pribatuek edota pertsona emaileek, maila berean eta aldi berean, laguntzen ahalko dituzte euskal kultura eta beste kultur adierazpenak», nabarmendu zuen Mikel Erramouspek, Euskal Kultur Erakundeko lehendakariak. Horrenbestez, Kultura emaitza funts horrek Scene Nationale Bayonne-Sud Aquitain elkarteak eta Euskal Kultur Erakundeak eramanen dituzten ekintzen garapenean parte hartu ahal izango du.

Halaber, bi kultur egitura horiei interesatuko zaizkien proiektu berrien azaleratzea sustatuko du.

Emaitza funtsak, nasaitasun mota guztiak, hau da, dohaintza, legatu, eskuz egindako emate, bizi aseguru eta eskuzabaltasun publikorako deiak eskuratzeko gai den fundazio bezala funtzionatuko duela jakinarazi zuen, bestalde, Scene Nationale elkarteko lehendakari Jean-Michel Baratek. «Sortzaileak eta emaileen ordezkariak elkartzen dituen Administrazio Kontseilu batek zuzendurik, diru-emaitza funtsak arte eta kultur asmo handiak sostengatu nahi ditu Euskal Herrian emaileen ekarpenari esker», jarraitu zuten zehazten bi erakundeetako lehendakariek.

Horiek horrela, ekarpen horien truke emaileek «abantaila joriak eskuratuko» dituztela jakinarazi zuten.

Hiru sostengu mota aurreikusi dituzte hiru erakundeek dagoeneko: partaide hutsa, partaide handia eta partaide nagusia dira horiek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo