«Soinuak erantzukizun handia eskatzen du; akatsak oso nabarmenak dira»
«Fborez 05» lana trikitilarietako bat
«Olarte»-k txikitatik du trikitixarekiko lotura. Erromeriatan aritzen da anaia pandero lagun duela, eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen azken diskoan hartu du parte, «Faborez 05»-en. Pello Urdangarin, Joxe Agustin eta Andoni Elortza, Arkaitz Allur, Idurre Arriola eta Iosu Arrizabala «Izer» izan ditu kide.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Iñaki Zunzunegi Olarte Zumarragan jaio zen eta lehen egunetik musika izan zuen bidaia lagun. Aitonak, aitak, osabak... guztiek jotzen zuten instrumenturen bat; panderoa edota trikitixa. Zazpi urterekin panderoa ikasten hasi zen eta bederatzirekin soinura pasatu zen aitonaren irakasle zuela. Gero, Lajaren ikaslea izan zen. Orain soinua eta panderoa jotzen ditu, emanaldiak eskatzen duenaren arabera, eta ohikoa da bere anaia Asierrekin taula gainean ikustea. «Faborez 05» bere lehen diskoa da eta bertan Pello Urdangarin ataundarra izan du pandero lagun.
Disko hau grabatu duzun lehenengoa da. Nolakoa izan da esperientzia?
Nik esperientzia berri bezala hartu nuen grabaketa. Gauza bat soinua jotzea da eta bestea diskoa grabatzea. Baina esperientzia polita izan da, nahiko aho zapore ona utzi dit.
Bikote bakoitzak bost abesti grabatu ditu. Berreskuratzen aritu garen lehengo pieza zaharrak. Nik kalejira bat, porrusalda bat, bals bat eta rumba bat grabatu ditut. Trikitixa eta porrusalda lehendik entzunak nituen, besteak gutxiago entzun ditut.
Pieza zaharrak berreskuratzea eta disko batean biltzea beharrezkoa dela uste duzu?
Ekimen hau oso positibotzat jotzen dut, pieza asko ahaztu egiten baitira. Esan izan ohi da `hark jotzen omen zuen', baina belaunaldi batetik bestera galdu egiten dira.
Gaur egun, asko galduta dira eta beste batzuk gordeta daudela uste dut, ezkutuan. Trikitilari batzuek gordeta dauzkaten pieza asko dago, gero arma bezala erabiltzen dituzte. Komeni den lekuan komeni den jendearekin jotzeko gordetzen dituzte.
Betidanik izan duzu trikitixarekin lotura estua.
Bai, betidanik. Zazpi urte nituenean panderoa jotzen nuen. Nire familian ohitura handia izan da beti. Nire aitona zena trikitilaria zen, nire osabak soinua jotzen zuen, nire aitak panderoa... Aitarekin hasi nintzen. Gero, bederatzi urterekin soinua jotzen hasi nintzen, eta hamabi urtera arte osabak erakutsi zidan. Orduan Lajarekin hasi nintzen eta hamasei urtera arte aritu nintzen berarekin. Gero, nire anaiak panderoa eta soinua ikasi zituen eta ni soldaduskara joan nintzen. Garai hartan soinua alde batera utzi nuen, eta urte askotan nire anaiak soinua jotzen zuen eta nik panderoarekin laguntzen nion erromerietan. Orain alderantziz aritzen gara.
Grabaketa beste batekin egin dut (Pello Urdangarin ataundarrarekin) anaia ez zelako animatzen. Baina nik zerbait egin nahi nuen pixka bat utzita nengoelako eta, beste alde batetik, har hori nuelako. Gainera, Euskal Herriko Trikitixa Elkartetik asko zirikatu ninduten. Hala, azkenean lortu dute hauek zerbait egitea. Gustura nago egindakoarekin.
Zer nahiago duzu, panderoa edo trikitia?
Panderoak erantzukizun gutxiago eskatzen du, baina eztarriak eta ahotsak erantzun behar dizute, beste kontu batzuk ditu. Soinua erantzukizun handia da eta akatsak oso nabarmenak dira. Eta bestetik, dedikazio handia eskatzen dizu soinuak. Gainera, gu ez gara guztiz dedikatu soinura, beste ogibide batzuk izan ditugu eta beti azkenerako utzi izan dugu soinua.
«Gaur egun pieza asko galduta daude eta beste batzuk, ezkutuan. Trikitilari batzuek gordeta dauzkate, komeni den jendearekin jotzeko.»