Kronika | Harrera ofiziala udaletxean
Elkarlanerako gogo biziz, auzoetatik hiria martxan jartzeko
Auzoetatik Donostiako Udaletxera hurbildu ziren atzo gazte asanbladak, jai batzordeak, erretiratuen elkarteak eta langabetuen plataforma. Juan Karlos Izagirre alkatearen gonbidapena jaso zuten, beraiek baitziren lehen harrera ofizialeko protagonistak. Lehenengo hartu-emanarekin, abiarazi dute parte hartzea eta informazioa motoreetako bat duen udal politika.
Oihane LARRETXEA
Gortina dotore handiez hornituta, Donostiako udaletxeko bilkura areto nagusia trajeetara ohituta dago, eta jasotzen dituen bisita gehienak zinegotzienak izaten dira, eguneko gai zerrendak hala aginduta, erabakiak hartzeko biltzen diren aldiro. Atzo aretoa beteta zegoen, baina bertaratu zirenak ez ziren zinegotziak, ez zeramaten trajerik eta ez zegoen agindurik ematen zuen agendarik. Gizarte eragileak eseri ziren aulkietan, orotara 300 lagun baino gehiago. Eurak ziren agintaldi berriaren lehen harrera ofizialeko gonbidatuak. Mimo handiz, euren auzotik, elkarteetatik, auzoak eta finean, hiria, martxan jartzen duten eragile anonimoak.
Jatorri eta interes ezberdinak dituzten taldeen presentzia zabala izan zen, besteak beste, talde ekologistak, erretiratuen elkarteak, langabeen plataforma, gerra zibileko biktimak, talde feministak, baita M-15 mugimenduko «suminduak» ere. Horiek denak dira herri edo hiri bat martxan jartzen duten eragileak eta horregatik, Juan Karlos Izagirre alkateak ezinbestekotzat jo zuen horiei guztiei hitza ematea.
Harreraren helburua ez zen lanean hastea, elkar ezagutu eta lehenk kontaktua egitea baizik. «Horretarako izango dugu denbora hurrengo asteetan eta hilabeteetan», adierazi zuen Izagirrek. Eta hori betetzeko, datozen aste eta hilabeteetan banan-banan bilduko dira auzoetako nahiz hiriko elkarte bakoitzarekin.
Informazioaren garrantzia goraipatu zuen, halaber. Udal Gobernu berriaren aburuz, horrek izan behar baitu hemendik aurrera jorratuko den elkarlaneko giltzarrietako bat.
Aldaketaren ahotsa
«Elkarlana» izan zen, hain zuzen, bertaratutakoen artean ahoz ahoz ibili zen hitza. Baita «itxaropena» ere. Eta bat baino gehiago, aurreko alkatearekin oroitu zen. Programaren nondik norakoak entzun ostean, nahi zuen orok izan zuen mikrofonoa hartu eta bere elkarteak edo mugimenduak betetzen duen zereginaren berri emateko aukera, baita dituen kezkak azaltzeko parada ere. Josu Rezola, Altza XXI elkarteko kidea, beste asko bezala, ilusionatuta agertu zen jarrera irekiarekin. «Guztiz baztertuak sentitu gara azken hamabi urteetan -adierazi zuen-, aurreko alkateak, antza, ez zituen geure planteamenduak ulertzen edo ulertu nahi».
Bizilagun batek hiru ohar egin zizkion. Batetik, pazientzia eskatu zion. Bestetik, egiteko lan asko dagoela ohartarazi zion eta azkenik, bidean aurrera egiteko be- soak zabaldu zizkion. «Aurrekoari hiru aholku horiek berak eman genizkion, baina ez zigun jaramonik egin».
Frankismoaren biktima den amona batek memoria historikoaren alde egitea eskatu zuen, eta «suminduen» izenean hitz egin zuen Felixek egoera berriari «kolore polita» atzematen diola onartu zuen: «Aldaketaren ahotsa dela sumatzen dugu».
Aldaketa zantzuak pareta nagusiko gortina dotoreak ere sentitu zituen, areto nagusiko hormatik dagoeneko ez baitago Juan Carlos I.a erregearen koadroa zintzilik, goizean erretiratu baitzuten. Bere lekuan, hamarkada luzeetan hautsak utzitako seinalea baino ez.