KRITIKA | HAUR LITERATURA
«Luka eta denbora izozteko makina»
Asun AGIRIANO
Denonartean Nafarroako argitaletxea oraindik orain sortua da. Argitaratu dituen lehenengo lanak helduentzako itzulpen liburuak izan dira, horien artean munduan ospetsua egin den Hesell-en «Haserretu zaitez!».
Pozgarria zaigu haurrentzako ipuinen lurraldean lehenengo urratsak egiten ari direla ikustea. Gainera, gure gaurko liburuari, «Luka eta denbora izozteko makina»-ri, aukera eman diote beste herrialde batzuetan ere bidaiatzeko, aldi berean euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz kaleratu baita.
Orrialde gutxiko liburua, baina aldi berean oso grafikoa dugu, zuri-beltza nagusi eta orrialde batzuetan kolore deigarriren bat: gorria, horia, urdina... dena oso neurtua eta, irudiak argazkiak izanda, narrazioari indar handia ematen diotenak.
Liburua ederra da forma eta egitura aldetik, tonu poetikoak istorioan sartzen gaitu poliki-poliki. Beti hartu izan da argazkia bizitzaren/denboraren lekukotza adierazteko bitarteko fidagarritzat, argazki batek sortzen duen eragin handienetarikoa da begirada askorekin elikatzen dela, iruzkin ugari jasotzeko bideak zabal ditzakeela. Horregatik, aurkikuntza da argazkilari baten begirada haur literaturako irudien lurraldean txertatzen dela ikustea, esperimentuak egin ahal izateko aukera ematen duelako.
Liburua haurrarekin batera irakur daiteke, erakutsi eta frogak egin. Izan ere, Unai Pascual-ek hezkuntza eta ikusizko trebetasunaren inguruan egiten du lan; eta Luka protagonista lauzpabost urteko haur egilea da.
Luka egile-protagonistari argazkiak egitea gustatzen zaio. Zentzu poetikoan denbora izozteko edo menperatzeko haur baten ahaleginak lirateke kontakizunaren gai nagusia. Zentzu horretan, bitxia da argazkigintzako esperientziak zer-nolako berezitasuna ematen dien haur literaturako irudiei. Horregatik, atentzioa ematen du argazkigintza zein ondo egokitzen den haur literaturako irudien egungo erronkara. Egin dugun objektuaren argazkia da protagonista nagusia (baloia, kamioneta, txakurra, e.a.), baina subjektuak ere garrantzia du, hots, argazkilariak, ikusleak edo irakurleak.
Liburuaren haria tupustean eten egiten da anekdota baten bitartez, bukaerako jauzia ez da hain poetikoa edo metaforikoa izango. Amaiera da, beharbada, kontakizunaren alderik ahulena. Akaso, tupusteko bukaerak puntu umoretsua edo ezustekoa erants diezaioke narrazioari, baina nago tonu poetikoan murgilduta braustean amaitzeak giro zapuztuaren sentsazioaz utzi gaituela, bat-bateko errealitate «gordinera» itzultzen gaituela.
Interesgarria da argazkia baliabide sinboliko nola bilakatzen den ikustea, liburuak gonbidatzen zaitu hausnartzera, berriro irakurtzera, begiratzera. Iradokitzailea da oso: argazki bat beti bera eta beti ezberdina. Izan ere, begirada noiz gertatzen den baldintzatzen du ikusten dena. (Liburu honen iruzkinarekin gertatzen den moduan, bihar beste bat litzateke akaso).
Haur literaturari egiten dion ekarpena aintzakotzat harturik, nago liburuak artea edo proposamen artistikoarekin zerikusi estuagoa duela literaturarekin baino. Liburua ikusi, behatu egiten da, ez da irakurtzen (hizkien tipografiak haurrek irakurtzea zaildu dezake). Interpretatzeko liburua da. Berez, ilustratu hitza latineko ilustrari hitzetik dator, hau da, argitzea, argi egitea. Eta eskuartean dugun honetan ideia horiek bete-betean kordatzen dira, askatasun handiarekin egindakoa baita. Jauzi arriskutsua eta, aldi berean, jauzi librea.