Roberto Manjon Lozoya Euskal mendizale federatua
Sozialistak kirol erreskateak pribatizatzen
Paradoxa sozialista baten aurrean gaude: justizia nork berea ordaintzea da. Zinez, txundituta egongo ginateke ikasita edukiko ez bagenu hitzek eta diskurtsoek sarritan berezko esanguraren kontrakoa adierazten dutela Justiziak, besteak beste, zerga sistema egokiago bat du giltzarri, eta noizbait erdietsiko dugu, orobat, kudeaketa eragingarriagoa nahiz gobernari egiazaleagoak ditugularik
Barne Sailak beste berri txar bat eman digu («Pyrenaica», 243 zk.) euskal kirolarioi: tasen lege berriak erreskateen kobrantza ezarriko du kirol jarduera arriskutsuak egiten dituztenentzat eta, oro har, «arduragabekeriaren» ondorioz istripuak pairatzen dituztenentzat. Beraz, legeak zeinahi herritarri eragin diezaioke, adibidez, eguraldi txarra iragarritako egun batean ibaian bainua hartzen badu. Gobernuak dio erabaki hori bat datorrela «justizia banatzailearekin», eta mendizaleoi espresuki eskatzen digu elkartasunez jokatzeko, hala gure artean nola gizartearen aurrean. Nola? Erreskateak ordainduz, horrela gizartea libratuko baitugu estualdi larri batean gaudenean gure karga hartzetik. Dioenez, mendizaleon arazoak gureak dira, ez inorenak.
Paradoxa sozialista baten aurrean gaude: justizia nork berea ordaintzea da. Zinez, txundituta egongo ginateke ikasita edukiko ez bagenu hitzek eta diskurtsoek sarritan ez dutela ezer esan nahi, edo are txarrago, berezko esanguraren kontrakoa adierazten dutela. Zer da «elkartasuna» Eusko Jaurlaritzarentzat? Argudioak darabiltzan gordintasunaz, hauxe: «Bakoitza hor konpon». Harrigarria iragan urrun batean ezkerrean sortu zen alderdi batetik! Hala da; Barne Sailak dioenez, borondatez zeure gain hartutako arrisku baten ondorioz ezbeharrik baduzu, kostuak ere lepo gainean hartu beharko dituzu, gizarte osoak aurrekontu orokorren bidez egin ordez. Arrazoibidea ez da makala. Nola ez hartu gogoan ezen, printzipio hori koherentziaz hartuz gero, ongizate gizartearen amaiera datorrela, are gehiago, baita edozein gizarte segurantzarena ere? Zergatik ordainduko ditugu erretzaileen, alkoholikoen edo drogazaleen osasun gastuak? Edo pertsona gizenei hipertentsioak nahiz diabetesak eragindako kalteak? Apika, jakinaren gainean egonda, ez ote dute bere gorputza hondatu elikadura gaizto bat aukeratuta? Eta azkoina gehiago estutuz, zer dela-eta ordainduko ditugu langabetuen, behartsuen eta hiesdunen kostuak?
Noski, Barne Sailak argudio faltsu hori ez daroa puntu horretaraino, baina horixe da ideiaren logika. Eta politikarien faltsukeria horiek gizartearen edozein eremutan gero eta higuin handiagoa eragiten dute erakundeekiko eta haien kudeatzaileenganako. Hain zuzen ere, politikari profesional gehiegik, herritarrentzako erabaki mingarri bat hartzean, arrazoiak ezkutatu eta mozorrotu ez ezik, ergeltzat hartzen gaitu, eta profeta gezurti batzuen antzera hitz egin diskurtso sasi- idealista bat jaulkiz: dena da maitasuna, elkartasuna, askatasuna, demokrazia, bakea. Gora altruismoa! Sozialistak dira aspalditik hizkuntzaren manipulazioan zailduenak. Baina nahikoa dugu, gauzei bekoz beko begiratu nahi diegu.
Zein da erreskateak pribatizatzeko benetako kontua? Zerbitzu publikoen murrizketa. Benetako eztabaida baten aurrean geundeke Barne Sailak harria bota ondoren eskua ostenduko ez balu. Baiki, arazoak badu elkarrizketa serio baterako lehengairik, besteak beste, lehentasun sozialak eta egungo egoera ekonomikoa dela kausa egiten ari diren aurrekontu murrizketak, justizia fiskala eta justizia banatzailea zertan diren, gizarte-mota eta bertan babes publikoak nahiz pribatuak zer toki izan behar duten... Baliteke une honetan Euskal Herria bide malkar batean sartuta egotea, hainbat babes sozial galtzera daroan batean hain justu. Hori horrela bada, jakin nahi dugu nora garamatzaten, ibilbidea zein den.
Inguruan mendizale gehienok baino behartsuagorik badenez, Barne Sailaren neurriak, alegia, aseguru pribatuei jaten emateak, ziur aski ez gaitu errekara jaurtiko. Alabaina, Gobernuak iraindu egiten gaitu zozokeriak esanez, kasu, Administrazioak ez diela mendiko aseguru-etxeei erreskaterik kobratzen, mendizaleok primetan ordaintzen ditugun arren. Lotsatu ere ez dira egiten nolako kudeatzaile txarrak diren argiro erakutsita: ospitaleetan aseguru-etxeari zerbitzuen gastuak kobratzen zaizkio baldin eta istripua izandako umeak eskola-asegurua badu, eta auto istripuen kasuan beti eskatzen zaie bezeroen osasun kostuak ordaintzeko. «Lasai -diosku Barne Sailak- aseguru-etxeek aurten primak ez igotzeko konpromisoa hartu dute». Eskerrik asko, Ares jauna, Jainkoak bere lorian har zaitzala! Adarra jotzeari nahikoa iritzi ez, eta ohartarazten gaituzte Europan mendizaletasun handiko estatu batzuetan erreskateak kobratzen direla. Nola maiteko dugu Europa berori aipatzen diguten bakoitzean gure patrikak hutsik lagatzeko bada? Konparazioekin hasita, eta gizartearen babesa hizpide, frantsesek zein adinekin hartzen dute erretiroa azken erreformaren ondoren?
Ondikoz, Barne Sailak ez du aukera galdu euskal mendizaleen artean gertatzen diren istripu larrien kopurua gogorarazteko, jakina, aipatu gabe kirol honek, kooperatibismoarekin batera, toki gailen batean kokatzen gaituela munduko onenen artean, eta ez bakarrik mendizale komertzialei esker. Mendizaletasunak eta kooperatibismoak, euskaldunen nazioarteko irudia osatzen laguntzeaz gainera, maila bat lortu dute gure kulturaren ezaugarrien artean. Mendizaletasunak kostu bat du, noski, baina onura ere bai. Barne Sailak ulertzen ez bagaitu, eta gure merezimenduak aitortzen ez baditu ere, gutxienez begirune handiagoz trata gaitzala, zeren «justizia banatzailea» ez baitago inolaz ere lotuta euskal mendizaleok herritarrekiko dukegun elkartasun eskasa gainditzearekin. Aitzitik, justiziak, besteak beste, zerga sistema egokiago bat du giltzarri, eta noizbait erdietsiko dugu, orobat, kudeaketa eragingarriagoa nahiz gobernari egiazaleagoak ditugularik.