GARA > Idatzia > Mundua

«Senide» gisa definitu du Txinak atxilotze agindupean dagoen Al Bachir

Hagako Auzitegiak erabakita nazioarteko atxilotze agindupean dago Al Bachir Sudango presidentea, baina, aldiz, ohorezko ongietorria egin dio Txinak Pekinen hainbat akordio ekonomiko izenpetzeko. Epe laburrean independente izango den Hego Sudango egoera ere aztertu dute.

p020_f01_97X144.jpg

GARA

Protokoloak zehazten dituen ohore guztiekin; halaxe hartu zuen atzo Txinako presidente Hu Jintaok Sudango bere homologo Omar al Bachir Pekinen. Albisteak ez luke aparteko garrantzirik estatuburu sudandarra, Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak erabakita, bilatze eta atxilotze agindupean egongo ez balitz -gizateriaren aurkako krimenak eta genozidioa leporatzen dizkiote-. Txinak, ordea, aspalditik erakutsi du Sudanekiko gertutasuna, eta hartu-eman oparo hori agerian geratu zen atzokoan ere. «Gaurko batzarrak bi herrien arteko adiskidetasuna sendotu eta garatzea espero dut, baita bien arteko kooperazioa sustatzea ere», esan zuen Huk «senide» gisa definitu zuen Al Bachirren aurrean. Sudango presidenteak ildo beretik segitu zuen: «Txina laguna eta senidea da guretzat, eta izugarri eskertzen dugu jasotako harrera».

Sudango presidentea, ostera, uste baino beranduxeago heldu zen Pekinera, Turkmenistango aire espazioa zeharkatzeko arazoren bat edo beste izan baitzuen -hainbat herrialdek euren aire espazioan sartzea eragozten diote Al Bachirri-. Alabaina, horrek ez zuen eragotzi bi agintariek sinatu beharreko akordio ekonomiko eta teknologikoak izenpetzea.

Hego Sudango auzia

Al Bachirrek Txinara egindako bisita zenbait kritiken iturri izan da; giza eskubideen aldeko erakundeen partetik, batik bat. Sudango presidentea ez hartzea edota, areago, hura atxilotzea ere galdegin zion pasa den astean Human Right Watch erakundeak, baina eskaera horietatik aise aldentzen jakin izan du Pekinek, Hagako Auzitegiko kide ez denez, ez baitago honen mandatuak betetzera derrigortuta.

Hego Sudango egoera ere izan zuten mintzagai bi mandatariek. Izan ere, epe laburrean independente izango da egun Sudanek esportatzen duen petrolioaren erdia baino gehiago hartzen duen lurraldea, eta, horrek, noski, kolokan jar dezake Txinako petrolio hornikuntza. Eman daitezkeen aldaketak emanda ere, bi herrien arteko harremanek onak izaten jarraituko dutela esan zuen Huk.

petrolio-ontzia

Pekinera heldu aurretik, Txinako CNPC petrolio-ontzira egin zuen bisitaldia Omar al Bachir Sudango presidenteak. Bertan, duela lau urte sinatutako kooperazio akordioa luzatu zuen.

laugarren bisita

Aspalditik dira agerikoak Txinaren eta Sudanen arteko hartu-eman onak. Atzo hasitakoa Al Bachirrek Txinara egindako laugarren bisitaldia da; 1990ean, 1995ean eta 2006an ere izan zen Asiako herrialdean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo