GARA > Idatzia > Euskal Herria

San Martzial ermita, irundarrek irabazitako batailaren oroigarri

Hitz egiteko gaitasuna balu, hamaika pasadizo kontatuko lituzke, gehienak gerra kontuekin lotutakoak, aiton-amonek egiten duten antzera. Irungo San Martzial ermita XVI. mendean eraiki zuten, 1522ko ekainaren 30ean frantsesen aurka irabazitako batailaren oroigarri gisa. Zauri asko izan ditu mendeetan zehar, tartean, tximista batek eragindako sutea.

p017_f02.jpg

GARA | IRUN

Aldabe du izen ofiziala, baina irundarrek San Martzial izenez ezagutzen dute bertako mendia. Salbuespenik gabe babesten du gertutik hiria. Bertan dago, geldo, paisaiaren zati natural gisa. Biluztasun hori estaliz tontorrean San Martzial ermita dago, zelatari. Urtero gogotsu itxaroten du ekainaren 30a, hiria festak ospatzen ari denean jasotzen baitu milaka bizilagunen bisita.

Baseliza XVI. mendean eraiki zuten, 1522ko ekainaren 30ean jazo zen bataila oroitzeko. Herritarrek Irun frantsesen erasotik babestea lortu zuten trikimailuen bidez. Soldaduak herriko plazaraino jaitsarazi zituzten, Aldabe edo San Martzial mendia libratuz. Horri esker erasoa gauzatu ahal izan zuten, baita etsaiari gailentzea ere.

Garaipen hori omentzeko helburuz eta denboraren poderioz ahaztua izan ez zedin, Beltran de la Cueva Gipuzkoako kapitan jeneralak bertan ermita bat eraikitzea erabaki zuen. Ermita eraikitzea ordea, ez zen jeneralaren aurreneko asmoa izan. Fraideentzako monasterioa egitea proposatu zuen, baina herritarren nahia bestelakoa zen; hain zuzen, San Martzialen ohoretan ermita bat egitea, egun handi hartako santua zelako. Geroztik, mendiari ere izen berbera eman zioten.

Honakoa ez zen San Martzial mendiak sufritu zuen bataila bakarra izan. historiadeguipuzcoa.blogspot.com blogean agertzen denez, 1813ko abuztuaren 31n San Martzialgo bigarren bataila gertatu zen. Esan ohi da hain bortitza izan zela, ezen odola Aldabeko bidezidorretik errekatxo moduan jaitsi zela. Gertaera hori dela-eta, urtero, ermitako kanpaiek deituta, bizilagunak abuztuaren 31 oro ere bertan elkartzen dira. Aldarearen eskuinaldean batailan hil zirenen errautsak gordeta daude, marmol beltzean egindako idatzi baten azpian.

San Martzialen omenez eraikia, santua irudikatzen duten ikur ugari gordetzen ditu. Barruko erretaula barrokoaren erdialdean, esaterako, San Martzialen irudi bat dago. Eskuinean San Ramon dauka eta ezkerrean, Loiolako San Inazio. Halaber, San Blas, San Martzial eta Arantzazuko Amari eskainitako beirateak daude. Beste santu askori bezala, San Martziali ere egozten zaio mirariak egiteko gaitasuna, eta esan ohi da San Martzial lanparako olioak sendatzeko gaitasuna duela. Nahikoa da mindutako lekuan tanta batzuk jartzea.

Denborak eragindako zauriak

Denboraren joan-etorriak marka ugari utzi ditu iltzatuta ermitaren memorian. Batailak ez dira eraikinari zauriak egin dizkioten gertaera bakarrak izan. 1796. urtean, esaterako, tximista batek bete-betean harrapatu zuen baseliza. Sutearen ondorioz suntsituta gelditu zen. Urte batzuen buruan berritu zuten; hain zuzen, 1804an eta orduan jarri zuten San Martzial santuaren irudi berria.

Hamaika berritze lanen ostean, 1910. urtean dorrea eraiki zuten, baina historiak, beste behin ere, ez zuen errukirik izan: ermitak gerra karlistetan eta 1936ko gerran kalte larriak izan zituen.

Gertaera horietatik babesterik izan ez zuten arren, gainerakoan baseliza zaintzeaz arduratzen ziren ermitauak eta serorak. Eraikina mantentzeaz gain, egun lainotsuak kanpaiaz iragartzen zituzten eta trukean, fededunek jakiak edo limosnatxoak ematen zizkieten.

Tradizioari eutsiz, irundarrak ermitara igoko dira aurten ere. 10:10ean alarde parekidea irtengo da Urdanibia plazatik eta ibilbidea udaletxean amaitu ostean, mendian elkartuko dira bazkaritara. Alarde baztertzailea 7.40ean abiatuko da eta 12.00etan San Martzial mendian izango den erromeriarekin bat egingo du.

talaia

Ermitaren bazterrean talaia dago eta bertatik Irungo hiria, Txingudiko badia, Hondarribia, Bidasoa ibaia, Jaizkibel eta paisaia berde zabalaren ikuspegi zoragarria dago.

koadernoa

Kanpoaldean baselizaren hormari itsatsita oroigarri txiki bat dago. Ermita barruan 1899. urtean mendira iristen den errepidea eraiki zutenen izenak biltzen dituen koaderno bat dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo