GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iruñeko kartzela berriak presoen egoera okertuko duela dio Salhaketak

Iruñeko Soltxate auzoan eraikitzen ari diren espetxe berriak presoen eskubide urraketak larriagotzea ekarriko duela nabarmendu zuen atzo Salhaketak. Horrekin batera, erakundeek eraikin berriaren inguruko inolako informaziorik ez dutela zabaldu gaineratu zuen.

p015_f01.jpg

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

Iruñeko Soltxate auzoan eraikitzen ari diren espetxe berriak presoen eskubideen urraketak areagotuko dituela nabarmendu zuen atzo Salhaketa taldeak, Donibane auzoko kartzela zaharraren ondoan egindako agerraldian.

Salhaketa Nafarroa taldeko arduradun Libertad Francesek gaineratu zuenez, espetxe berriari dagokionez, informazio falta da nagusi. «Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Gobernuak eta Espetxe Erakundeak ez ikusiarena egiten dute eta ez diete erantzunik ematen gai honen inguruan plazaraturiko galderei», salatu zuen.

Atzo, Iruñerrian lau kontzentrazio egin zituzten espetxeen aurkako jarrera azaltzeko. Lehena, Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekuan, frankismoan espetxe gisa erabili zena; bigarrena, Ilundainen adingabekoentzako prestatzen ari diren zentroan; hirugarrena, Soltxateko espetxe berrian; eta laugarrena, Donibane auzoko kartzela zaharrean.

Espetxe berriaren gainean, lortu dituzten datu eskasak kontuan izanda, Salhaketak argi dute Soltxateko kartzelan masifikazioa nagusi izango dela. Ziega bakoitzean literak izango direla zabaldu du Estatu espainoleko espetxeak kudeatzen dituen erakundeak.

«Honek agerian uzten du bertan izanen diren 504 ziegetan, gutxienez presoen kopurua bikoiztuko dela», esan zuen.

Estatu espainoleko espetxeetan masifikazioa nagusi dela aintzat hartuta, honakoa nabarmendu zuen: «Ziur asko, urte gutxiren bueltan 1.200 preso izango ditugu. Estatu espainoleko edozein espetxetan aurreikusita zegoen preso kopurua urte gutxitan bikoiztu edo hirukoiztu egin da. Eta hori hemen ere gertatuko da».

Egoera hori presoen arretaren kalterako izango da. Egun dauden bitartekoak Donibaneko espetxean dauden 200 presoen beharrei erantzuteko eskasak dira eta «ez da alor honetako aurrekontuak sei aldiz handitzea espero», Francesek esan zuenez.

Horrekin batera, komunikabideek kartzela berriaren gainean eman duten informazio bakarra segurtasunaren eta ekipamenduaren gainekoa izan dela salatu zuen Francesek. «Ziegetan pantaila lauko telebistak izango direla argitaratu dute. Baina espetxe erraldoi bati buruz ari gara eta horrek presoen eskubideak gehiago urratuko direla esan nahi du. Telebistena anekdota baino ez da», adierazi zuen.

200dik 1.200era

Salhaketak eskuratu ahal izan dituen datuen arabera, Nafarroan dauden presoen kopurua seikoiztu egin liteke. Donibanen 200 preso daude egun eta Soltxaten 1.200 izan litezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo