GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Zuloaga plazatik

Eskubide urraketak, Madrilen heldutasun faltaren adierazle

Normalizazio politikorako bidean «Bateragune auzia» aurrekari arriskutsua izan daitekeela ohartarazi dute ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak. Eurek hartutako konpromiso berbera eskatu diote Madrilgo Gobernuari.

p002_f02.jpg

Oihane LARRETXEA

Mugimendua eta dinamismoa dauka Donostiako Zuloaga enparantzan Eleak ekimenak zabaldutako Aske guneak. Hitza, elkarrizketa, eztabaida da osagai nagusia, bertso, hitzaldi eta musika forma hartuta. Atzo goizean, lehenengo egunaren inguruan irakurketa positiboa egin zuen Joxean Agirrek, mugimenduko bozeramaileetako batek. Arratsaldea, Porrotxen ikuskizunarekin, eta gaua, Sorkun, Bide Ertzean, Gotzon Barandiaran eta Jon Benitorekin, arrakastatsuak izan zirela nabarmendu zuen.

Alderdi politikoek hartu zuten txanda atzoko lehenengo ekitaldian. Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak testu bat sinatu dute, hurrengo astera bitartean luzatuko den «Bateragune auzia» salatzeko. «Bi urte luzeren ondotik (...) hemen bildu garen eragile politikook ez daukagu isilik egoterik», esan zuen Miren Legorburuk alderdi sinatzaileen izenean.

Madrilek epaiketa politikoa dela ukatzen duen arren, eskubide zibil eta politikoak urratzen dituen jardun judizial baten aurrean gaudela salatu zuen Legorburuk. Aurreneko aldia ez dela gogoratuz, «oraingoan ere alderdi politikoen legea aitzakiatzat hartuz (...) Estatu espainoleko demokraziaren heldutasun falta agerian gelditu da», gaineratu zuen.

Zortzi independentisten aurkako epaiketa «mehatxua» dela ohartarazi zuten alderdiek, gure herria bake bidera eta aterabide demokratikora eramango duen xedea arriskuan jartzen duen aurrekaria baita. Testuak dioenez, ezin da ahaztu soilik bide politikoen alde apustua egin duten politikari eta sindikalistak epaitzen ari direla.

Sinatzaileek berriro berretsi zuten Euskal Herriarekin hartutako konpromisoa. Inongo indarkeriarik gabeko etorkizuna nahi dute; inongo mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta torturarik gabea, alegia. Askea eta librea ere, ideia politikoak praktikara zigorrik jasotzeko beldurrik gabe eramatea ahalbidetuko duena, non preso politiko eta iheslaririk ez den egongo. Horretarako, ordea, «beharrezkoa» da Madrilek elkarrizketa prozesua abiaraztea eta orain arte hartutako jarrera bertan behera uztea.

Babes adierazpenak

Usurbileko Udalbatzak, bestalde, alderdi guztien babesarekin -PSE abstenitu egin zen-, adierazpen instituzional bat adostu zuen atzo. Bertan, epaiketaren helburua «Euskal Herrian zabaldu den garai politiko berria oztopatzea» dela salatu zuen.

Aske gunea larunbateko 13.00ak arte egongo da zabalik; ostean, arratsaldean, auzipetuei babesa emateko manifestazio nazionala egingo da Donostian. LAB sindikatuak eta Anai Arteak atxikimendua azaldu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo