Laura MINTEGI Idazlea
Afektu kolektiboak
Beldurra ematen dute afektu kolektiboek. Egun batean albiste batek kolpatu eta guztien ahotan dabil, beste albisterik ez dagoela lantokian, kalean. Beroa, esaterako. Ematen du albistea haragitu egiten dela eta gure izaeraren partea izatera pasatzen dela. Gu gara beroa, gu gara albistearen igorlea eta hartzailea.
Badaude beste albiste batzuk beroa bezainbeste konpartitzen ditugunak, ziurtaturik dagoelako kontsentsu zabala bilduko dutela. Albistearekiko adostasuna erabatekoa denez, elkarrengandik hurbilago, konplizeago sentitzen gara. Denok gara uste berekoak eta albisteak afektu bera eragiten digu.
Donostia Europako Kultura Hiriburua izendatua izatea, esaterako. Albiste positiboa da eta partekatzeko erraza. Beste muturrean dugu Portugaleteko hilketa bikoitza, non 17 urteko gazte batek ama eta anaia hil dituen. Albiste hau ere konpartitzeko erraza da. Hori dun/k horrorea! Izua erraz sozializatzen den topikoa da, leku komuna.
Afektu kolektiboak ñabardurak estali eta, azkenik, ezabatu egiten ditu. Zenbat eta jende gehiagok partekatu afektua, are eta ñabardura gutxiago. Zuri-beltza nagusituko da (a ze poza!, nolako tragedia!) eta inor gutxik galdetuko du nork, noren eraginez, zergatik. Hasiz gero galderak egiten gal daitezke kontsentsuak, iritzi laua argi-ilunez beteko da eta zailagoa izango da bi kidek afektu bera partekatzea: adostasunaren magia (begitazioa) galduko da.
Beldur diet zuri-beltzezko afektu kolektiboei, matiza onartzen ez duen pozari edo tristeziari. Toni Morrisonek zioenez, «there is really nothing to say except why. But since why is difficult to handle, one must take refuge in how».