GARA > Idatzia > Kultura

Musika anitza eta koloretsua, Euskal Herria Zuzenean jaialdian

Uztailaren 1, 2 eta 3an Nafarroa Behereko Heleta herrian hamaseigarrenez ospatuko da Euskal Herria Zuzenean festibala. Gurean ospatzen diren musika jaialdietan aitzindariak, ohiko jaialdi erraldoietatik at musika ulertzeko eta bizitzeko bestelako bideak badirela erakutsiko dute beste urte batez. 50 musika talde baino gehiago iragarri dituzten afixean Morcheeba, IAM, Tiken Jah Fakoly eta Goran Bregovic izenak topa ditzakegu, besteren artean.

p040_f01_250x128.jpg

Koldo OTAMENDI | HELETA

Euskal Herrian ospatzen diren jaialdietan aitzindaria den Euskal Herria Zuzenean festibalak (EHZ) hamaseigarren edizioa biziko du asteburu honetan Heletan (Nafarroa Beherea). 1996an ekin zioten jaialdia antolatzeari, eta etenik gabe ospatu izan da ekaina-uztaila bitartean. Arrosa herria izan zen jaialdiaren lehen kokagunea eta bertan bizi izan zituen urterik arrakastatsuenak. Jaialdiaren kokagune ziren lur sailekin arazoak izan ziren Arrosan eta Zuberoara igaro zen EHZ, hain zuzen, Idauze Mendiko zelaietara; hiru urtez ospatu zen bertan. Alta, azken bi urteak Heletan egin ditu festibalak, Nafarroa Beherera bueltatuta. Aurtengoa hirugarrena izanen da. Kokagune ederra du egun EHZk. Kontzertu gune ezberdinen gertutasuna, plaza guneak ematen dituen baliabideak eta bertara iristeko erraztasunak jaialdiaren martxa ona ziurtatzen dute.

Jaialdiak sortu eta desagertzen diren garaiotan, Euskal Herria Zuzenean festibalaren bizi iraute hutsa miraritzat har daiteke. Azken urte hauetan sortu diren jaialdi askok behea jo dute, eta ondorioz desagertu egin dira. EHZren helburua soilik ekonomikoa balitz, dagoeneko desagertua zen, baina festibalaren filosofiari eutsiz aurrera egin du jaialdiak. Hamasei urte hauetan, errealitate ezberdinak bizi izan ditu EHZk. Eta ez denak gozoak: Arrosako hastapen xumea eta urte arrakastatsuak, ikusle gutxitzea, Idauze Mendiko edizioak, Heletako kokagune berria, Manu Chaoren eztanda, iazko euritea... Alta, festibalak iraun du, eta esan bezala, hamaseigarrena abiatzeko prest da.

Aurtengo afixa

Urtero legez, afixa interesgarria osatu dute edizio honetarako ere. Parte hartuko duten 50 musika taldeen artean, lau izen nabarmentzen dira nagusiki: Morcheeba, IAM, Tiken Jah Fakoly eta Goran Bregovic. Musikalki oso talde ezberdinak dira guztiak, nahiz eta denen baturak afitxa interesgarria irudikatzen duten.

Morcheeba taldeak urrezko garaia duela urte batzuk izan bazuen ere, talde britainiarrak oraindik ere asko emateko gai dela erakutsiko du taula gainean. Gainera, taldean aldaketak izan dira azken bi urte hauetan, eta, bide horretan, Heletako emanaldian Skye Edwards kantaria ikusteko aukera izanen da. Hainbat urtez taldetik kanpo egon eta gero, Morcheebaren jatorrizko abeslariak gidatuko du banda Godfrey anaiekin batera. Taldearen ohiko kantuez gain, berriki argitaratu duten «Blood Like Lemonade» diskoa izango dute emanaldiaren zutabe nagusia.

Ostiral gauean arituko da Goran Bregovic musikari serbokroaziarra ere. Soinu bandak egiten ezagun bihurtu zen musikariak taula gainean bandaren laguntza izango du. Emir Kusturicaren -duela bi urte izan zen EHZ jaialdian- film askotan parte hartu du, eta bien arteko lotura taula gainera ere eraman dute. Musikalki folklore tradizionalean abiatzen ditu kantuak, rockarekin, edo bulgariar doinuekin nahastuz, eta emaitza bitxi, dantzagarri eta originala lortzen du.

Jaialdiko beste izen bat Estatu frantseseko IAM rap taldea izango da. Marseillako banda ez da oso ezaguna Euskal Herrian, baina ezagutzen dutenek kultuzko taldetzat jotzen dute. Frantziar hip hop musikan aitzindariak izan ziren eta atzerrian ere sona berezia lortu izan dute. Europan batik bat, baina baita AEBetan ere. Taldearen diskorik arrakastatsuena 1995. urtean kaleratu zen: «L'école du micro d'argent». Orain, hamabost urte igaro direnean, hip-hoparen erreferenteak direla erakutsiko dute oholtza gainean.

Urtero legez, ez dira afrikar doinuak faltako EHZn. Aurtengo Tiken Jah Fakoly musikari bolikostar ezagunaren parte hartzea iragarri dute, adibidez. Musika soila egin baino, kontzientziak astintzeko melodiak sortzen ditu musikari honek, bere kantuetan ugariak direlarik injustizia salatzen duten ahotsak. Esandakoaren adibiderik argiena 2010ean kaleratu zuen «African Revolution» diskoa dugu. Igande arratsean ariko da bere bandaren laguntzaz eszenatoki nagusian.

Lau musika talde hauekin batera, Tokyo Sex Destruction, Ken Zazpi, Jim Jones Revue, Shakaponk, Chineese Man, Goose (ez erratu Euskal Herriko Gose taldearekin), Split 77, The Rodeo Idiot Engine (EHrZ musika lehiaketaren garaileak), Atom Rhumba, Drunken Balordi, Anari, Bongo Botrako, Killers, Nasser, Norte Apache, Zep, Betagarri, Estricalla edo La Phaze taldeak osatuko dute hiru egunetako afixa.

Gisako beste festibaletan gertatzen ez den bezala, Euskal Herriko musika talde anitz topatuko ditugu Heletan asteburu honetan. Gainera, ordutegi nagusiak beteko ez dituzten arren, festibalaren garrantzi handia izango dute.

Festibala bi eszenatoki nagusietan banatuko da, eta gainera, herri gunea, Itsasoa, eta kolektibo ezberdinentzako prestaturiko Antxarteta gunea ere izanen dira, bata bestearen aberasgarri. Eszena nagusiek arrats partean abiatuko dute programazioa, eta bertan izanen dira jaialdiko izenik garrantzitsuenak. Herrian, Itsasoa gunean, erritmo akustikoak izanen dira nagusi (Anarik bertan eskainiko du emanaldia) eta antzerkiaz gozatzeko aukera ere izanen da. Antxarteta gunean berriz, Möi Möi Kolektiboa, Iparraldeko Konpilazioa (Ipar Euskal Herriko musika taldeak sostengatzen dituen disko bilduma aitzaki) eta MusikHerriak-eko taldeak arituko dira. Banda Batxokiren («Bake garaietarako borroka kantak» diskoa aurkeztuko dute bertan). Musika festa, 121 Krew egitasmoaren hip-hopa eta Skatu taldearen ska doinuek osatuko dute herri diskoetxearen espedizioa.

Festibala abiatzeko egun bat baino falta ez den honetan, dagoeneko 6.500 sarreratik gora saldu dira, beraz, musikazale pila bilduko da melodia eta akorde gosez. Jaialdirako sarreren aurreko salmenta gaur eguerdian amaituko da. Hortik aurrera, Heletan bertan salduko dira egunez eguneko sarrerak.

Aurore Martin laguntzaile gisa arituko da jaialdian

Euskal Herria Zuzenean festibalak aurten aukeratutako lemak, «Mugetatik at», adierazpen zehatza izanen du. Izan ere, oztopoak oztopo, Aurore Martin ere laguntzaile gisa arituko da gaurdanik. Festibalak prentsa gonbidatu zuen atzo prestakuntzen azken berriak emateko eta agerraldi horretan eman zuten berria. Antolatzaileek errana zuten EHZren mezua, engaiamendua, azkartzeko nahikeria bazutela, eta atzo «borroka ezberdinen» isla izanen dela festibala nabarmendu zuten. «Gure sostengu eta elkartasuna adierazi genien Segiko zortzi gazteei ere Izpuran burutu zuten itxialdian zehar, eskubide zibil eta politikoen aldeko jarrera hartuz», azaldu zuen komunikazio batzordearen arduradun Izarne Molinak. «Dakizuen bezala, Aurore Martin festibalaren laguntzaile izan da 10 urtez, bai batzorde desberdinetan bai administrazio kontseiluan parte hartuz». Mattin PETRISSANS | KAZETA.INFO

Heletako muntaketa, bero-beroan

EHZ festibala antolatzeko, elkarteak dituen 2,5 lanpostuez gain, elkarlanean ari diren 50 bat lagun behar ditu jaialdiak. Festibalaren bizkarrezurra hamabost batzordez osaturik dago eta bakoitzak eginkizun zehatz bat badu: komunikazio taldea, segurtasuna, programazioa, brigada berdeak, mezu taldea, animazio taldea...

«Hirugarren urtea da EHZ Heletan egiten dugula. Orain sentitzen da ingurunearen ezagutza hartu dugula, hasten garela gure markak hartzen. Hastapenean herritarrek kezkak edo beldurrak zituzten festibalaren tamainarengatik eta gazte euskaldun engaiatu batzuk ginelako. Aurreiritzi anitz baziren. Baina urtez urte komunikazio lan bat egin dugu eta kezka haiek ttipituz joan dira, preseski, Herriko Etxean ordezkaritza bat ezarri dugu heletarren galderei erantzuteko. Gaur egun aski ongi ikusiak gara, irekidura gehiago sentitzen da jendearen aldetik eta gainera herritar batzuk heldu dira gure laguntzerat», azaldu du EHZ festibaleko Elixabet Aizager lehendakariak.

Hamar bat urte EHZn laguntzaile gisa aritu ostean, festibala Heletan hasi zenetik lehendakari gisa jardun du Aizagerrek. Arrosa eta Idauze Menditik pasatu eta gero, festibalak haren nortasuna eta arima atxiki dituela uste du. Muntaketa lanak bete-betean direla ahalegin kolektiboaren behin-behineko bilana egiten du EHZren lehendakariak. «Lanaren aldetik aski ontsa ari gara, baina, hala ere, edozein laguntzaileri deia zabaltzen diogu hurbil dadin, igandean denbora pixka bat galdu dugulako. Besta Berri eguna izan zen, eta, beraz, momentu haietan ez genuen lan egiterik izan», azaldu du. «Muntaketaren lehen egunetan 20 bat ginen, orain 40 bat ari gara, eta, joan den urteetako prestaketak eredutzat hartuz, azken egunetan 100 bat lagun izan beharko ginateke», esan zuen festibaleko komunikazio taldeko arduraduna eta administrazio kontseiluko kidea den Izarne Molinak.

Bero handiek moldaketak egitera behartu dituzte. «Normalean egunak 08.00etan hasten ditugu, ordu batak inguru bazkaltzeko pausa bat hartzen dugularik. Ondoren, arratsaldean, berriz lanean hasten gara. Baina azken egunetan arratsaldetan ezin izan dugu lan egin izugarrizko beroa egin duelako. Ondorioz, goizeko lana 06.00etan hasi dugu eta arratsean seietatik hamarrak arte lan egin dugu», zehaztu zuen Molinak. Mattin PETRISSANS | KAZETA.INFO

KOLORETSUA

Musika era anitz eta koloretsuak topa daitezke hiru egunetan: IAM taldearen hip-hopa, Estricallaren hardcorea, Jim Jones Revue taldearen rocka, Morcheebaren trip-hop doinuak, Bongo Botrakoren mestizaje dantzagarria...

GUNEAK

Festibalak bost gune izanen ditu; egun osoan zehar zuzeneko emanaldiak izanen dira horietan. Eszenatoki nagusitik abiatu eta kolektiboentzako guneraino, 50 musika proposamen ezberdin ikusiko dituzte bertaratzen direnek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo