GARA > Idatzia > Kultura

Anartz BILBAO Musikazalea

Energia olatuak

Azkena heldu da lehena -Gasteiz beltzezko rockzalez betetzera-, eta hemen dira jada jaialdi erraldoiak, musika festa parrandarako topagune dituenaren gozamenerako. Behin abiadura hartuta, ez gara irailera arte geldituko, Burlata Blues, Biarritz BIG, Bilbao BBK Live edo Heineken Jazzaldia.

Asteburu honetan bertan Mendebala jokatuko da, folk airez Sopuertako zelaietan, baita EHZ ere, festa eta algara franko Heletako pentzeetan. (ekialdean). Bizkaitar jaialdi xume bezain atseginak Mercedes Peón galiziarrarena izango du soinurik sonatuena -Celtas Cortos eskarmentudunen baimenarekin- eta jaialdi erraldoietan aitzindari dugunak mardula du eskaintza, tartean Morcheeba, Goran Bregovic edo etxeko Split 77, Ken 7 edo Atom Rhumba direla -Jim Jones Revue, horra gure gomendio basatia-.

Gutxi balitz, San Juan suak erre ostean jazzak urteroko bisita egingo digu, bihar Getxora helduko baita, uztail osoa gurean egiteko. Bost gau eta beste horrenbeste izar, Japonia (Aki Takase) edo Kuba (Chucho Valdés) urrutitik etorriak; Dave Holland kontrabaxu jotzaile ezinbestekoa tarteko (igandea gorriz dago beti egutegian).

Eta kontu korronteek ere kolore bera dute, gurean egunotan bilduko den izar eta kultur ekitaldi sortarekin ematen ez badu ere. Krisi, zahartze, iji eta aje, ez dakigu irailera onik helduko garen ere; musikak osatuko/osotuko bagintu sikiera!

Gaur herritarren energia olatuak omen dabiltza joan-etorrian, udako beroak freskatzearren, «Negua joan da-eta» kantuan. Biharamunak «Joan zen uda, eta negua heldu da» doinuak ekarriko dizkigu gero. Ikusi beharko da orduan kultur egitarauak zertan gelditzen diren, aurrekontuak aurrekontu. Luzea dugu 2016rako bidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo