GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Edorta Jimenez | Idazlea

Gazara abiatzeko zain

Sabotajeak. Burokrazia. Legeen erabilera interesatua. Gehi isiltasuna edo bestela zurrumurruak eta gezurrak. Horra Askatasunaren Ontzidiaren aurka Israelgo Estatuak eta haren aliatuek, Espainiako Erresuma barne, erabiltzen ari diren armak. Gure zain diren artean, doitzen eta koipeztatzen diharduten beste armak ahaztu barik. Zera, askotariko gasak, soinu-bonbak, elektrizitate-zihilak, zakur heziak eta besteak. Arma zaharrak eta berriak, gezurrak eta punta-puntako teknologiak. Oi, Israelgo Armadaren armak eta tortura teknikak, horiek bai armak eta teknikak.

Egizue dar-dar, lagunok, Izu Berrien Laborategiak jo eta su ikertzen dihardu eta. Horien aldean lekutan dira orain arte ezagutu ditugunak. Ai ene, Laborategiko azken-azkenak egunen batean gurean erabil balitez. Zelan ote den munduak horren aurka ezer ez egitea, gero! Begiratu ahalko ditu horien armak, arma ustez ez-hilgarriok, Osasunerako Munduko Erakundeak, giza eskubideen erakundeek ezin dute eta.

Ekialde Hurbilean inpunitate osoz esperimentatzen ari dira Izu Berrien Laborategitik etengabe ateratzen dituzten berrikuntzak. Laborategi Berriak harako nazi haien Laborategi Zaharraren markak hautsi behar ditu, zinez. Orotarako inpunitatea baitu Laborategiaren jabe den enpresak, zera, «Israelgo Estatua» izena daroan enpresa multinazionalak. Norbaitek enpresa horretako akziorik erosi nahi izanez gero, konfiantzazko burtsan. Gomendagarriena, ostera, Wall Streetekoa. Frankfurt, Londres edota Tokio plaza txarrak. Hain urrun joaterik ez duenak, hortxe ditu Paris zein Madril. Eta Bilbo?

Mediterraneo itsaso honetan beldurra eragiten diguna ez da Gazara abiatzeak. Izu Berrien Laborategikoak mundura zabalduz joatea eta aldi berean mundua horren berri izan gabe segitzeak izutzen gaitu. Gaur palestinarrentzat ekoizten dute. Bihar-etzi norentzat ekoitziko duten da galdera. Premiazkoa da erantzuna jakitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo