GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA Eguraldian aditua

Negu-udaberrien ezinak

Noiztik ote gatoz lehortea usnatzen? Udazken ondorenetik, esango nuke. Abenduak lehen zortzi egunetan 47 litroxka utzi bazituen ere, hantxe hasi zen bospasei egun eguzkitsurekin, eguna luzebidean abiatu orduko, neguko egun zabal gozoak oparitzen. Egia da, beste hiruzpalau euridun tartekatzen zituela, Arantzazun elur opari zuriz, noski. Halaxe estreinatu genuen negua, 3 egun eguzkidunen ondoren: baita bota ere, Eguberri aurreko 3 egunetan 66 litro.

Egun garbi lehorren eta euritsuen arteko kosken gorabehera ezarrita utzi zigun. Eguberritik urteberrira, eguzkitsu eta gozo. hamarren bat egun nahasi antzean, ilberriarekin batera, baina euri gutxiz, eta erreskadan, beste 6 egun dotore, gozo eta eguzkitsuak. Hurrena 2 lanbrotsu ilbetearen goraintzitan, eta jarraian, beste 5 eguzkitsu. Urtarrileko 31 egunetan 54 litro besterik ez. Neguaren intentzioak, hotz eta euritsuak, hara non gelditu ziren.

Noski, ilargialdi bakoitzak bere laurdenka bat euritsuago errenditu bazuen ere, beste hirurak nahikoa eskasean zetozen, eta udaberrira artekoak ez ziren behar bestean portatu. Horrekin errukituta, nonbait, otsaileko ilbeherak ekaitz sorta bat sartu zigun 30 orduren tartean; baita 67 litro hantxe bertan oparitu ere. Baina, martxoan sartu orduko, beste 10 eguzki beteko etorriko ziren, neguko koska-jolasen lekuko.

Eta hor ginen, martxoaren bihotzean, udaberriko koarta-tenporen peskizan. Oso antzera etorri ziren aurreko koska-jokoarekin: bizpahiru egun «trixteantzeren» ondoren, 5 egun garbi eguzkitsu opari. Eta hala, martxoaren azkenekoetan 4 egun argiz «ondroso» eman ostean, apirilak ere 19 egun ekarriko zituen eguzkitsuak, berorietatik 14, hodei eta laino tatxarik gabekoak. Ur pixkak lehortzeko aproposak.

Eskerrak apirileko ilbeteak, dakien tokian, bere seigarren egunean, ekaitza jo zigun! Asaben ohiturako «ostiraleko trumoiak, bederatziurrena ez badu, berrogeialdia». Eta hala, apirilaren azkenean abiatu ekaitz arrosarioak, maiatzean euri eta lanbrotik ekarri zuen, «ondroso» ez bazen ere: 132 litro apirilak, 134 maiatzak: 266 bien artean. Beste edozein urtetan, apirilak eman ohi ditu aurten bien artean ekarritakoak.

Eta hori konpondu ezinean joan zaigu ekaina ere, 60 litrotara iritsi ezinka...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo