GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jendarmeriak Ardanaz ustezko ETAko kidea atxilotu du eta beste baten bila dabil

Oier Ardanaz da herenegun Dordoinako herri batean atxilotutako ustezko etakidea. Auto bat lapurtu ostean, jabea segika zuela, istripua izan zuen. «Arinki zaurituta», atxilo hartu eta ospitalera eraman zuten jendarmeek. Polizia alde egitea lortu zuen kidearen bila dabil oraindik.

GARA |

Informazio agentziek eta Perez Rubalcaba Barne ministro espainolak adierazitakoaren arabera, herenegun Jendarmeriak atxilotutako ustezko ETAko kidea Oier Ardanaz da.

Jendarmeek Dordoinako departamenduko Jumilhac-le-Grand herrian atzeman zuten iruindarra, lapurtu berri zuen autoarekin istripua izan ostean. Gertakariak, asteazkenean, arratseko zortziak aldera jazo ziren, Parisko matrikula zuen ibilgailu batean zihoazen bi lagunek laborari baten Peugeot 307 bat lapurtu zutelarik.

Yves Conge, herriko auzapezak nabarmendu zuen biek ala biek, bakoitzak ibilgailu batean, ihesari eman ziotela autoa lapurtu eta berehala. Nekazaria eta bere suhia haren atzetik atera ziren beste ibilgailu batean, eta segika zituela, iruindarrak istripua izan zuen.

Auzapezaren esanetan, autoaren jabeak eta suhiak atea ireki zutelarik, pistola bat erori zen lurrera eta Ardanaz «zorabiatu antzean» zegoen eta sudurretik odola zerion. Esan zituen hitzengatik «berehala sumatu» omen zuten ETArekin zerikusia zuela, eta jendarmeak bertaratu ostean Perigueux-eko ospitalera eraman zuten, arinki zaurituta.

Congek gaineratu zuen autoak su hartu zuela eta «barnean zeramaten munizioek egiazko su artifizialak» eragin zituztela. Ikertzaileek ez dute bertsio hori baieztatu.

Bien bitartean, beste kideak alde egin zuen eta Poliziak «Epervier» bilaketa operazioa abiatu zuen berehala.

Segiko kide ohia

Perez Rubalcabak adierazi zuen Ardanaz Segiko kidea zela eta 2009an Guardia Zibilaren operazio batetik ihes egin zuela. «Geroztik ETAn sartu» zela ba omen zekiten. «Horrenbestez, atxiloketa ez da sorpresa bat izan», zehaztu zuen.

ABSOLBITUAK

Auzitegi Nazionalak Juan Carlos Besance absolbitu zuen atzo, 2001ean Zarauzko Gizarte Segurantzako bulegoan lehergailua jarri zuen akusaziopean zena. Halaber, Enrique Ybarraren hilketa saioan parte hartzeagatik epaitutako Garikoitz Aspiazu ere errugabetu egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo