GARA > Idatzia > Kultura

Eduardo Chillidaren mende erdiko lana Teruelen ikusgai


GARA | DONOSTIA

«Denbora, espazioa eta materia» izenburupean Eduardo Chillida artista donostiarraren (1924-2002) 30 artelan baino gehiago izango dira ikusgai bihartik aurrera Teruelgo Salvador Victoria museoan; hain zuzen, artistaren ibilbidearen erakusgarri, 1953. eta 2000. urte arteko piezak izango dira bertan.

Autoreak sorkuntzarako inspirazio bide izaten zituen Johann Sebastian Bach musikagilearen obrek eta Jose Angel Valente poetaren idazlanek izango dute protagonismoa, antolatzaileen esanetan. Poesia, literatura, filosofia edota musika uztartuz eta bere-bereak zituen angeluak eginez garatutako estilo propioa gailenduko da eskultura, 1953 eta 1958 bitartean egindako zazpi collage eta batez ere artistaren grabatuetatik.

Mahai-inguru batekin irekiko dute erakusketa Luis Chillidak eta Diego Arribasek, Chillida Leku museoko zuzendariak eta Museo Salvador Victoriakoak hurrenez hurren. Chillida Leku museoa urte hasieratik itxita dagoela kontuan izanik -familiak eta Aldundiak ez zuten akordiorik erdietsi-, erakusketa honek duen garrantziari buruz arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo